BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

himalaia

Larregi

Mendian gehien estimatzen dudana isiltasuna da, batzuetan bakardadea ere bai, baina batez ere isiltasuna. Everesteko kanpaleku nagusirantz abiatu ginenetik, ditxosozko isiltasun hori nekez topatuko genuela jabetu ginen.
Lhotse-Nuptse
Lhotse-Nuptse / Barrabes

Toki guztietan jende samalda topatzen genuen trekking egiten, aterpeetan, geralekuetan, argazki xelebreetan… eta zer esanik ez Everesteko kanpaleku nagusian bertan.
2008an ibilia nintzen paraje haietatik, eta ez nuen horrelako masifikaziorik gogoratzen. Oraingoan zarata larregi egoten zen beti, musika larregi, elkarrizketa larregi, eztul larregi, kantu larregi, eztabaida larregi.
Aldapan gora abiatu ginenean, turista edota abenturero larregi ere bai. Nekez asmatzen zuten askok kranpoiak jartzen edota mosketoiak erabiltzen. Arin aurreratzen genituen, fisikoki ere ez zeudelako puntuan, motelegi mugitzen zirelako pitzadura eta izotz solteen artean. "Ildotik at hago, motel", pentsatzen genuen geure baitan.
Gerora, harritu nau jakiteak, nobato horietatik asko tontorrik altuenera iristeko gai izan direla, bai, nahi beste O2 botilarekin eta nahi beste sherpak lagunduta. Nahi duzuena, baina goraino egin dute, go-ra-i-no.
Harritu nau ikusteak, bizitza zein erraz arriskatzen duten (aurten 9 hildako egon dira), nolako inozentziaz arriskatu ere.
Harritu nau sentitzeak askok ez dakitela nora etorri diren, ez diotela munduko mendirik garaienari tamaina hartu, eta arriskuak baloratu gabe doaz gora, gauza friboloez mintzatzen, begiak zabaldu barik.
Baina hau guztia ere aparte uzten jakin izan dugu lagunok, Alexek, Tamayok eta hirurok, eta lagungarri izan dakizkiekeen kontuak eurekin partekatu baditugu ere, gu beste zerbaitera joan ginen paraje hartara.
Eta jakin dugu aurpegian berriz harridura margotzen, mendiak zirrara eragiten digulako oraindik, eta beldurtu egin gara horma zutak eta izoztuak ikusi ditugunean, izotz zahar-beltzez horniturik, eta etxean, argazki baten gainean marraztutako lerro gorria han mendiaren aurrean inposiblea dela egiaztatu dugunean, harritu egin gara berriz, eta arnasa sakon hartu. "Hurrengo baterako?" esan diogu elkarri.
Beste lerro batean finkatu ditugu begiak, Nuptsen eta Lhotsen. Eta horra nahi izan dugu.
Baina gero gerokoak. Batzuetan mendian ez zaude behar bezala. Ni erraz gaixotu nintzen eta milaka botika hartu arren, garaierak infernu bilakatu zidan egunerokoa, eta askotan saiatu nintzen arren, 7100 metroan amore eman behar izan nuen, istripu larriagoren bat ekidin ahal izateko. Mendia garaiegia baitzen, gogorregia baitzen. Eta Jose Carlos Tamayori ere ez zitzaizkion gauzak ondo atera, glaziarrean labainduta min hartu zuenean. Handik egun batzuetara belauna ezin mugituz altxatu zen dendatxoan. Joan den astean egin zioten ebakuntza.
Alex, gure basapiztia, izan da indar guztiak batuta gure ametsa burutu duena. Nuptseko puntu garaienetik oso hurbil lotu zen, ia puntan, eta Lhotse tontorra zapaldu zuen. Bi proiektu genituen eta biak bere begietan ikusi ditugu. Zorionak berari.
Egun alaiek baina, ez zuten asko iraun. Alexei Bolotov eta Juango Garra adiskide minak hil ziren gure inguruan, eta horrek total nahasi gintuen. Deskalabruak mendi garaienaren tamaina hartu zuen eta gure tristeziak ere bai.
Eta tristeziak, oraindik, bizirik dirau.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather