BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Mendi lasterketa Ultra Traila

Traveserak berezko nortasuna du

74km, 6.550m desnibel positibo eta 6.585m negatibo. 11 ordu eta 2 minutu.
Travesera, Europako Mendiak
Travesera, Europako Mendiak / Ruben Fueyo

Travesera mendi-lasterketatik bueltan naiz etxean. Joan den ostegunean zalantza askorekin eta kezkatuta atera nintzen etxetik. Orain, ordea, dena bikain atera den sentsazioarekin itzuli naiz: garaipenaz gain, errekorra ezarrita eta lasterketaren inguruko egunetan jendearekin une gogoangarriak bizita.

74kmko lasterketa izan da, 6.550m desnibel positibo eta 6.585m negatibo. 11 ordu eta 2 minutuan amaituta, errekor berria ezarrita pozarren itzuli gara Europako Mendietatik.

Entzunda neukan Travesera oso lasterketa gogorra eta teknikoa dela, baita ikusgarria ere. Eta halaxe da. Baina horrez gain, berezko nortasuna duen lasterketa ere bada. Elur asko zegoen eta beldur nintzen nola egongo ote zen. Zorionez euria ere bota du azken egunotan eta horri esker elurra uste baino gogorrago zegoen.

Beti bezala neure lasterketa egin dut. Erritmo erosoan hasi naiz. Caíneraino Manuel Merillasekin joan naiz eta handik aurrera Fran Gutiérrez Piñera ere batu zaigu. Dobresengoseko lehen maldak elkarrekin egin ditugu. Hortik aurrera, ordea, bakarrik egin dut lasterketa osoa, helmugaraino. Jitu Escarandira indartsu iritsi nahi nuen, azken 15 kilometroak beheraka izanagatik gogorrak direlako oso. Elurra gogor zegoen eta ez dugu arazorik izan korrika egiteko. Uste dut horrek ere eragina izan duela azken denboran.

Ikuspegia ere bikaina izan da lasterketa osoan. 06:00etan Caíneko lepora iristen, lehen argi izpiekin, paisaia ikusgarria izan da: Urriello tontorra parean, behe-lainoa atzean eta hortzimuga gorria. Merezi zuen, eta gelditu egin naiz ikuspegiaz gozatzeko.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather