BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Alpinismo ikerketa

Leku garaien eragina, tesi batean

Leku oso garaietan jarraian egoteak eliteko alpinistengan duen eraginari buruzko tesi bat aurkeztu berri du Gaizka Mejutok; Alberto Iñurrategiren azterketetan oinarritu da.

Leku garaietan jarraian egoteak eliteko alpinistengan duen eragina aztertu du Gaizka Mejutok (Bilbo, 1978) aurkeztu berri duen doktore tesian. Euskal Herriko Unibertsitateko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Fakultateko irakaslea da Mejuto, eta Alberto Iñurrategi alpinistaren garapenaren jarraipenetatik ateratako datuak izan ditu tesiaren oinarri. Hiru ondorio nagusi atera ditu: batetik, Iñurrategiren gantz portzentajea eta odola garraiatzeko gaitasuna erresistentzia luzeko kirolari batekin aldera daitekeela; bestetik, garaiera handietan ez duela gantzik galtzen; eta, azkenik, alpinismo ibilbideko bigarren zatian erantzun hematologikoak askoz ere leunagoak direla.

Madrilgo Unibertsitatean goi errendimenduko master bat ikasten ari zela eman zituen lehen pausoak leku garaiek alpinistengan nola eragiten duten jakiteko. Julio Calleja EHUko irakasle eta Iñurrategiren entrenatzaile pertsonalak animatu zuen gaia lantzera masterreko azken lanean. Txikitatik izan du gustuko mendia eta mendizaletasuna Mejutok; aitarekin eman zituen lehen pausoak mendian, eta, ordutik, mendizaletasuna odolean darama. Punta-puntako alpinista baten erreferentzia eta laguntza izatea aukera paregabea iruditu zitzaion irakasleari, eta zaletasuna eta lana uztartzea erabaki zuen. "Argi neukan mendiarekin zerikusia zuen lan bat egin nahi nuela, eskiarekin edo alpinismoarekin lotutakoa", adierazi du Mejutok.

Masterreko lanean aurreratutakoa doktore tesian aprobetxatzea pentsatu zuen; Callejak berak eta Nicolas Terradosek, Asturiaseko Kirol Medikuntzako Eskualdeko Unitateko zuzendari eta Oviedoko Unibertsitateko irakasleak zuzendu dute tesia; hala ere, Mejutok argi dauka ezinbestekoa izan dela Fadura-Getxo Teknika Hobekuntzarako Zentroko Xabier Leibar eta Jose Antonio Lekue sendagileen eta Ramon Garate Iñurrategiren mediku pertsonalaren laguntza. Hogei urteko ibilbidean, espedizioen aurretik, espedizioetan bertan eta horien ondoren THZ (Teknika Hobetzeko Zentroa) Faduran bildutako datuak erabili ditu Mejutok balorazioak egiteko. "Callejak Iñurrategiren datu asko zituela esan zidan, eta emaitzak oso interesgarriak izan zitezkeela iruditu zitzaidan; THZ Fadurara joateko gonbita egin zidaten, eta ezin izan nion horrelako aukera bati ezetzik esan", onartu du irakasleak.

Hiru zati nagusitan banatu du tesia Mejutok: lehenengo zatian, Iñurrategiren gorpuzkeraren inguruko datuak bildu ditu, pisuaren eta zenbait gantz tolesduren —eskapular azpikoa, trizepsekoa, iliokrestala, abdomenekoa, koadrizepsetakoa eta bikietakoa—ingurukoak, hain zuzen ere. Bigarren zatian, berriz, esfortzu frogetan bildutako datuak interpretatu ditu. "Parametro fisiologikoak ikusten dira bertan", azaldu du Mejutok. Froga horietan, kirolariak duen guztia eman behar du, fisikoki noraino iristeko gai den ezagutzeko. Eta hirugarren eta azken zatian, alpinistaren odolaren azterketa egin du. "Iñurrategik odola garraiatzeko duen gaitasuna aztertu dugu; azken atal hori odolak dituen zelulen funtzionamenduan oinarritzen da", azaldu du Mejutok. Tesiaren zati bakoitza desberdina da, baina zati bakoitza aztertzeko datu guztiak THZ Faduran hartu dira. "Datuak eskuratzeko froga guztiak itsas mailan egin ditugu; ez dugu Himalayan edota inolako goi mendietan azterketarik egin", azaldu du Mejutok. Leku garaietan azterketak egiteko bitarteko faltak behartu du Mejuto ikerketaren diseinua itsas mailan hartutako datuetan oinarritzera.

Hainbat ondorio

Tesian ateratako ondorioez galdetutakoan, Mejutok ez dauka zalantzarik zein izan den ondoriorik argiena, Iñurrategi fisikoki "makina" bat dela, hain zuzen ere. "Iñurrategiren ezaugarriak punta-puntako maratoilari batekin aldera daitezke, baita eliteko txirrindulari batenekin ere", esan du Mejutok. Haren gantz portzentajearen maila baxuak eta odola garraiatzeko gaitasunak harrituta utzi du Mejuto. "Erresistentzia luzeko kirolari baten ezaugarriak bete-betean berdintzen ditu", onartu du.

Alderdi zientifikoan gehiago zentratuta, espedizioetara joan aurretik hartutako pisuak eta itzuleran hartutakoaren arteko desberdintasun eskasak harritu ditu Mejuto eta tesian laguntzen aritu direnak. "Orain arte egin diren azterketa zientifiko guztiek esaten dute garaiera handiko mendietara igotzeak berekin dakarrela pisu galtzea; Iñurrategiren emaitzek, ordea, egiaztatu dute ez duela zertan horrela izan", dio Mejutok. Beraz, Mejutok, THZ Fadurako espezialistekin batera, frogatu du oso ondo prestatuta dagoen mendizale batek ez duela zertan pisua galdu.

Tesiaren ondorioetatik, ordea, ondokoak sorrarazi die harridurarik handiena: Iñurrategiren alpinismo ibilbideko lehen zatia eta bigarrena konparatuta bigarrenean erantzun hematologikoak askoz ere leunagoak direla. Guztiok ulertzeko moduan esanda, gizakiak oxigeno gutxiago dagoen giroetara moldatzeko odolean dituen globulu gorriak —oxigenoa garraiatzen dutenak— ugaritu egiten ditu; Iñurrategiren kasuan, ugaritze hori askoz ere indartsuagoa izan da haren alpinismo ibilbideko lehen zatian, bigarrenean baino. "Emaitza harrigarria izan da, ordura arte ez zegoelako horren berririk; ez genuen inolaz ere espero", onartu du Mejutok.

Aurrerantzean ildo bereko ikerketa gehiago egitea gustatuko litzaioke Mejutori. "Garaieraren eraginekin eta garaierarako entrenamenduekin zerikusia duen beste ikerketaren bat egitea gustatuko litzaidake". Iñurrategiren alpinismo ibilbidea ez duen eta forma fisiko horretan ez dagoen pertsona bat aztertuz gero, ez daki zein emaitza aterako litzatekeen; akaso, horren inguruko ikerketaren bat egin lezake Mejutok, etorkizunean.

Mejutok azpimarratu du tesiaren atzean bere lanaz gain beste pertsona askoren lana egon dela. "THZ Faduran sartzeko aukera eman didate, eta bertako espezialistekin iritziak elkarbanatzekoa ere bai". Xabier Leibar eta Jose Antonio Lekueren laguntza ezinbestekoa izan duela dio Mejutok, baita Ramon Garate, Julio Calleja eta Nicolas Terradosena ere. "Beti egon dira laguntzeko prest, eta horrek asko erraztu du lana". Iñurrategiri ere eskertu nahi dio izan duen prestutasuna: "Pribilegio bat izan da Iñurrategirekin lan egitea; indar handia eman dio tesiari haren gisako alpinista batekin lan egiteak".

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather