BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Haria Xtrem, Lanzaroten

Oraingoan atzerra egin dugu bidaia, Kanariar uharteetara, Lanzarotera. Jendea atseden eta eguzki pixka bat hartzera joan ohi da leku hauetara. Gu, berriz, korrika egitera joan gara, eta sufrituz disfrutatzera.
/

2013-06-19 / Maite Maiora

Bost egunez eliteko kirolari batek zer sentitzen duen sentitu dut. Jasotako tratua izugarria izan da. Dena eginda, leku zoragarri batean, prentsaurrekoak, elkarrizketak, argazkiak, bazkariak, etab.

Baina ni, Maite Maiora, ez nago gauza hauek egitera ohituta, eta bi aukera dauzkat: desatsegina izan eta ahal dudan guztietan ezkutatu; edo bertan gelditu eta jendeari irribarre egin.

Honek guztiak baina ardura handi bat sortzen dit: emango al dut lasterketan jende honek merezi duen maila? Korrikalari nabarmenen poltsan sartzeaz gain, lasterketa irabazteko faboritoa naiz! Daukana baino garrantzia handiagorik ez ematen saiatzen naiz, eta egoeraz disfrutatzen.

Larunbata, goizeko 08:00ak. Hasi da lasterketa. Helburua, dudarik gabe, irabaztea. Ez dago aitzakiarik. Sentsazioak onak dira, leku batzuetan aukeran bero dago, baina haizeak laguntzen digu momentu horiek goxatzen.

Hasieratik lehen postua hartu dut, baina Eva Maria Moeda atzetik dator, nire itzal bihurtuta. Lehenengo 17 kilometroak ia lauak dira, eta erritmo bizian egin ditugu. 15. kilometroan Nuria Domingez ere batu zaigu, eta orduan hasi da benetako lehia.

Hirurok batera goaz. Nor bere estrategian murgildurik doa, posizio aldaketak etengabeak dira; baina 26. kilometroan, aldapa gogorra bukatzen den lekuan, Nuriaren eta nire artean utzi du lehia Evak. Min daukat hanketan, baina Nuria ez doa ni baino askoz hobeto. Beraz, oraindik ez dago ezer argi. Eta borroka gero eta gogorragoa egin dugu. Baina azken kilometroetan, Nuria ni baino indartsuago dago eta bigarren postuarekin konformatu behar izan dut. Hala ere, oso pozik egindako lanarekin.

Arnasa hartu, ura edan, argazkiak atera eta Luisekin egin dut topo. Malkoak atera zaizkit. Irabazten saiatu naiz azken momentura arte baina ezin izan dut. Berak zoriondu egin nau, eta besarkada estu bat eman.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather