BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Saminaren adorea

Duela aste pare bat Nepal herrialdetik itzuli naiz. Jose Carlos Tamayo, Alex Txikon eta hirurok mendikate erraldoiaren jomuga den Lhotse mendia eskalatu nahi genuen.

2013-06-25 / Juanra Madariaga

Duela aste pare bat Nepal herrialdetik itzuli naiz. Jose Carlos Tamayo, Alex Txikon eta hirurok mendikate erraldoiaren jomuga den Lhotse mendia eskalatu nahi genuen.
Ederra da harainoko hurbilketa. Ia bederatzi egun behar dituzu handienen oinetan jartzeko, zein baino zein ederrago. Aurten gainera, konpainia galanta izan dugu, mendizale taldetxo batek lagundu nahi izan baikintuen bidexkatan gora. Eurekin 5000 metroak gainditzen dituzten zenbait tontortxo ere egin genituen pozarren. Gero, Euskal Herrira bueltatu ziren eta gure erronkari begiratu genion artez arte.
Kanpamentu nagusia konpartitzen dute Everest eta Lhotse mendiek, eta hor handienera joan nahi duten abenturero asko biltzen dira: altuena zerbaitegatik igo behar dutela buruan sartu eta tematzen direnak, gaixotasunen edo ezintasunen bat dutenak, mendizaletasunik batere ez duten urruneko herrietako zaleak, edota batez ere zerbaitetan lehenak izan nahi dutenak. Urte mordoxka alpinismoan aritutako elementu gutxi kausituko dituzu hemen; gu arraroenetakoak ginen, akaso.
Hala, munduko bazter guztietako jendearekin espazio eta denbora berezi hau partekatzea tokatu zitzaigun gure kanpamentuan. Deigarria iruditu zitzaigun lehen kontua, asko eta asko bakarrik etortzen zirela izan zen, lagunik gabe, alegia. Hala, Japongo neska bi topatu ziren han, Argentinako beste neska bat, Peruko mutil bat, Portugaleko beste neska bat, Turkiako gizon bat,… baina guztiek gordetzen zuten komuneko xehetasun bat: denek izan nahi zuten euren herriko lehenak; lehen mazedoniarra, lehen portugaldarra, lehen perutarra, lehen pakistandarra, lehen bizki indiarrak, lehen anaia gazteenak, lehen gizon zaharrena,…
Oso pozgarria izan zen hara gerturaturiko emakumeek erakutsi zuten adorea (gizon gutxik egin zuten gailurra). Bereziena guretzat Saminaren kasua izan zen. Bera Everestera ailegatu den lehen emakume pakistandarra izan da, horrek dakarren balio sozialarengatik, bertako emakumeentzat aurrerapauso itzela baita bizi duten egoera ikusita.
Txikia zen Samina, eta ez zitzaizkion malkoak kabitzen. Guri ere ez.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather