mendi-lasterketak
2013-06-25 / Javi Dominguez
Oso ibilbide gogor eta teknikoa da, desnibel handiak eta korrika egiteko tarte deserosoak dituena. Normalean gustura aritzen naiz halako eremuetan (ahal denean).
Ultren munduan, ordea, ezin da inoiz ezer ziurtatu, lasterketa bakoitza mundu bat da. Gerta liteke lehen orduetan primeran joatea, lasterketa erdian pott egin eta era berean amaieran berreskuratzea.
Horixe gertatu zitzaidan hain zuzen Traveseran. Mendebaldeko mendigunean oso gustura joan nintzen. Erdikoan eta ekialdeko mendigunearen igoeran, ordea, gaizki pasatu nuen, eta gero, mendebaldeko jaitsieran hobeto sentitu nintzen. Azkenean, amaierako denborak eta podiuma nola osatu zen ikusita, oso pozik geratu nintzen laugarren postuarekin.
Travesera, Europako Mendietako lasterketa hau, oso lasterketa ezberdina da. Zaila da besteekin alderatzea, oso teknikoa eta desnibel handikoa delako. Ehunmilak lasterketak ere desnibel handia du (12000 m+), gorabehera asko ditu, aldapa asko, baina askoz ere laburragoak, eta gainera ibilbide osoa bideetan zehar izaten da. Ia ibilbide osoan egin liteke korrika, ez da deserosoa. Bestalde, Ehunmilak probak askoz kilometro gehiago ditu eta askoz ordu gehiago egiten dira mendian. Burua horretara jarrita eduki behar duzu, eta batez ere oso motibatuta egon behar duzu halako lasterketak egiteko.