BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Pirinioak

Perdido mendiaren ipar aurpegia

Perdido mendiaren ipar aurpegiak igoera aberasgarri bezain zoragarria eskaintzen digu, bi korridore eta glaziar bat zeharkatu beharko baititugu mendi esanguratsu honen 3355 metroetara iristeko.
Perdido mendiaren ipar aurpegia
Perdido mendiaren ipar aurpegia / Unai Estala

Gure igoera Pinetako aterpetxetik egitea erabaki genuen, nahiz eta hasiera puntu bat baino gehiago izan. Normalean, gehienek Tucarroyako aterpetxe izkutua erabiltzen dute gaua babesean pasa eta hurrengo goizean igoera egiten saiatzeko. Guk, aldiz, aurreko egunetako hotzak eta gau oskarbi hark sortu zuen elurraren gaineko izotz kapa aprobetxatu nahi izan genuen. Iratzargailua 12etan jarri genuen. Bagenekien egun gogorra izan behar zela, 2100 metroko desnibel positiboa gainditu behar genuelako.

Hala ere, errespetu gehien ez zigun ipar aurpegi irmo hark ematen, Pinetako balkoierako bidean egon zitezkeen elur zubiek baizik. Aurreko asteetako bero eta euriteek elurraren azpitik errekatxoak osatu zituzten. Harriskua zegoen, beraz, hauetako baten gainetik pasa eta zorua haustekoa. Tentu handiz aztertu genuen aurreko egunean, Pinetako aterpetxetik, aldapan gora jarraitu beharreko bidea eta zubi hauek sahiesteko trikimaila bakoitza.

Ipar aurpegiaren igoera ikusgarria izan zen. Balkoitik tontorrera hiru ordu behar izan genituen eta goizeko 7etarako azken korridoretik irteten ari ginen jada. Elurraren egoerak zailtasun guztia kendu eta gozagarritasuna eman zion bide guztiari. Momentu politenetakoa glaziar bertan ikusi genuen egunsentia izan zen, non eguzki izpiek urrutian zeuden mendi guztien siluetak marraztu zituzten.

Laburbiltzen, lehen korridoreak 55-60ºko joera du. Glaziarra zeharkatu ondoren eta bigarren korridorera iritsi baino lehenagoko maldak 45-50ºtan jartzen digu gorputza eta bigarren korridorean sartzerakoan, malda handiena hemen dagoela konturatzen gara, 55-65ºko joerarekin. Azken zati honetan elur malda konstante bat aurkitu genuen. Hala ere, batzuetan, harrietatik igotzeko aukera besterik ez da egoten, III graduazioko pausuak gainditu behar direlarik.

Nork esango liguke, udan sartu berriak, Pirinioetan horrelako igoera bat egin behar genuenik! Eta elur guzti hark asteak iraungo ditu oraindik bertako tontor altuenetan. Norbaitek igoera hau egiteko burutaziorik izango balu, goiztar ibili eta eguerdi parterako malda handienetatik irtetea izango luke hoberen.

Informazio gehiago

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather