BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

mendi-lasterketak ultra-traila ehunmilak

Ehunmiletako bidaia

Sistema metriko hamartarrak hala esan arren, "Ehunmilak" ez dira 161 kilometro. "Ehunmilak" bidaia bat da.
Javi Dominguez eta Imanol Aleson, helmugan
Javi Dominguez eta Imanol Aleson, helmugan / Lasterketak

"Ehunmilak" bidaia bat da. Fisikoki nahiz mentalki zenbait hilabete lehenagotik prestatu behar den mendi-bidaia bat. Bidaia hori ez da hasten ostiralean, 18:00etan, Beasainen. Bidaia hori etxean hasten da, gure inguruko mendietan korritzen, lagunekin edo senideekin honi buruz hitz egiten.

Iritsi da eguna. Prest dago dena. Prest gaude denok. Hiru, bi, bat... eta bat batean, ostiralean, 18:00etan, beldur eta duda guztiak desagertu dira Beasaingo plazan.

Nork bere bidaia egingo du hemendik aurrera, nork bere eran. Taldean joango dira batzuk, lagunekin. Bidaideak bidean ezagutuko dituzte beste batzuek. Eta bakarrik joango dira beste asko. Bideaz, laguntasunaz edo bakardadeaz, gauaz eta isiltasunaz gozatzen saiatuz, helmugara iristea da gure motibazioa. Baina badakigu halaber, gure nahiak zailtasunak dituela, helburua handia dela. Badakigu une txarrak biziko ditugula, eta berriz ere sortuko zaizkigula zalantzak eta beldurrak. Pertsona berriak deskubrituko ditugu, paisaia berriak. Guk geuk geure burua deskubrituko dugu.

Lehenago bide berberetatik igaro bagara ere, bidaia honetan dena da berri. Dena aldatzen da: gure gogo-aldartea, gure egoera fisikoa, baldintza meteorologikoak, bidaideak. Bidaia bakar bat ere ez da errepikatzen.

Azkenean, batzuk baino ez dira iritsiko helmugara. Gutxi batzuek baino ez dute beteko heuren helburua. Neke aurpegien atzean, zorion aurpegiak ikusiko dira. Poz aurpegiak, orain dela zenbait hilabete hasitako bidaia luze hau amaitu delako. Zain dauden lagun edo senideekin ospatuko dute batzuek. Bidaideekin beste batzuek. Eta denok ospatuko dugu geurekin, nork bere buruarekin.

Beste batzuek, ordea, ez dute helburua lortuko. Apustuan bazegoelako txanponaren alde hori ere. Aurpegi batzuk beste batzuk baino nekatuago egongo dira. Horiek min handiagoa izango dute oinetan, eta logure handiagoa. Bidaiak gogorrago joko ditu horiek.

Amaitu da bidaia eta etxera goaz bueltan. Denok ikasi dugu zerbait, denongan aldatu da zerbait. Une honetan gutxik izango dute buruan era honetako beste bidaia bat egitea. Baina ziur nago, gehienok, egin egingo dugula berriz ere.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather