BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

K2

7.300 metrora iritsi da Alex Txikon, K2ren alde “teknikoena” gaindituta

“Eguraldi baldintza gogorrak eta elur asko” izan arren bidelagun, arrakastatsua izan da euskal mendizalearen aklimatazioa eta tontorrari ekiteko zain dago.
/ Alex Txikon

Tontorrera heltzeko saiakera uztailaren 25eko astera aurreratu du, eta ilargi aldaketarekin batera ekingo dio "Bizkaia Gailurretan Bilbotik K2ra Euskaraz" espedizioaren azken txanpari.

Alex Txikon mendizalearen K2ko (8.611 m) aklimatazio aldia arrakastatsua izan da. Pasa den asteburuan, "Bizkaia Gailurretan Bilbotik K2ra Euskaraz" espedizioan, lehenengo eta bigarren kanpalekuetaraino eskalatzea eta horma prestatzea lortu du. Felix Criado lagunarekin batera pozik mintzo da Alex, "Abruzzos bidetik abiatuta, K2ren alde teknikoena gainditzea lortuta". "Lan askoko egunak izan dira eta elurra nonahi eta asko dagoenez, esfortzu handia egin behar izan dugu. 500 metro soka eroan ditugu aldean eta dena prest utzi dugu. Orain tontorrera iristeko, K2ren azken zati zailena gainditzea falta zaigu".

Une honetan K2ren kanpaleku nagusian atseden hartu eta indar berritzen dago mendizale euskalduna, betiere, eguraldi iragarpen onen zain. "Ilusioz beteta eta indartsu gaude, sentsazio onarekin". Tontorrerako saiakera uztailaren 25eko astera aurreratzeko asmoa daukate, ilargi aldaketarekin batera ekiteko gailurrerako bideari.

K2ren gogortasuna

Aurreko saiakeretan baino gogorragoa da aurtengo espedizioa Txikonentzat: "eguraldia txarra da, elur asko dago, hotza eta haize zakarra". Hormatik harri eta izotz zati handiak askatzen dira. Eta gainera, munduko bigarren mendi garaieneko giroa are zorrotzagoa da Nanga Parbateko erasoaren ondotik. Pakistanen 11 mendizale hil ostean, espedizio gutxi biltzen dira bertan. "Nazioarteko 16 bat mendizale baino ez gaude hemen, eta tontorrerako saiakera bateratu bat egiteko asmoa daukagu".

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather