BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

alpeak

Sorpresak Aiguille Verte-ra bidean

Aiguille Verte (4.122m). Whymper korridorea + Grande Rocheuse.
Aiguille Verte, 4.122 m
Aiguille Verte, 4.122 m / Jonatan Larrañaga

Mendi karismatiko honek dotorezia eta zailtasuna ditu ezaugarri, eta mendiguneko tontor enblematikoena da. 1865eko ekainaren 29an igo zuten lehenengoz gailur hau, Edward Whymper ingelesak Almer eta Biener gidari suitzarrekin egin zuen espedizioan. Bertako gidariak haserrarazi egin zituen horrek. Eta astebete geroago, Michel Croz, A. Ducroz eta Peter Perren Zermatteko gidariak Moine ertzetik igo zuten.

Guretzat oso igoera polita izan da, leku paregabean. Zorionez bi soka baino ez ginen igo egun berean, eta horri esker harriak erortzeko arriskua ere asko murriztu zen.

Gauerdian atera gara Couvrecle aterpetxetik. Bi orduren buruan errimaiaren oinetan gara, zailtasunik gabe igaro dugu eta tontorrari heldu diogu. Elurra halamoduz dago hasieran. Azken egunetako beroak elur-bideak hondatu ditu, eta horrek eragina dauka aurrera egiterakoan. Beheko aldeko mistoetaraino soka laburrean joan gara. Hiru soka-luze eta funanbulismoa, Lucaren (atzean zetorren italiar gidaria) sokari harririk ez jaurtitzeko. Korridorearen erdian baina, eskuinera jo dut oinatz zahar batzuei segika. Hanka-sartzea! Hala ere, geure harrigarri, Grand Rocheuse (4.102m) tontorreraino eraman gaituen bidean sartu gara. Hartutako saihesbidean denbora asko galdu dugu, M4ko bost bat luze eta gailurrera zenbait "ensanble" egin behar izan ditut eta. Whymper korridorea askoz errazagoa da. Hala ere, geure harrigarri, gidari italiarra bi tontorren artean ikusi dugu, lepora iristen, eta oihu egin digu: dena ondo!

60 metroko rappela egin ostean Rocheuseko lepora iritsi gara. Motxila bat bertan utzi eta Verte gailurrera jo dugu. Ertza oso zorrotza da eta Jorasses gailurren ikuspegia zoragarria. Egia esan, merezi izan du saihesbide hau hartu izana. 08:00 inguruan iritsi gara gailurrera. José, nire bezeroa, hunkituta dago. Egia esan, ez da gutxiagorako. Bigarren laumilakoa du Verte, eta tontor klasiko handi bat egin berri du. Jaitsieran 15 bat rappel egin ditugu italiar sokalagunekin batera, eta inolako gorabeherarik gabe.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather