BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Hidden Peak 2013 espedizioa

Pedro Garcia eta Arkaitz Mendia, salbamendu lanetan

Hidden Peak 2013 espedizioko lau mendizale daude arriskuan Gasherbrum I-en, eta horien bila joan dira espedizio horretako kide diren bi mendizale goierritarrak.
Xevi Gomez kataluniarra, japoniarren korridorea ekipatzen.
Xevi Gomez kataluniarra, japoniarren korridorea ekipatzen. / Hidden Peak 2013 Espedizioa

BERRIAk jakin ahal izan duenez, azkeneko aldiz astelehenean hitz egin zuten Pedro Garcia ordiziarrak eta Arkaitz Mendia lazkaotarrak euren senideekin. Urdaileko arazoak direla eta, kanpalekuan geratu ziren, tontorrerantz abiatu gabe, baina onik daude biak ere, eta erreskate taldeetan ari dira parte hartzen.

Une honetan Alfredo Garcia jaisteko lanetan dabiltza buru belarri, mendian arriskuan dauden lau espediziokideetako bat, hirugarren kanpelekuan dagoena. Beste hiruak galduta daude.

Bi satelitekin ari dira erreskate lanak koordinatzen, eta lanak ez oztopatzeko harreman gehiago ez izatea erabaki dute mendizaleen senideek. Bi sherpekin batera Pedro Garcia bigarren eta hirugarren kanpalekuen artean dago, eta Mendia, hirugarrenaren eta japoniarren korridorearen artean, beste espediziokide batzuekin batera.

Hiru mendizale desagertuta eta beste bat hirugarren kanpalekuan

Alfredo Garcia, Xevi Gomez, Alvaro Paredes eta Abel Alonso dira arriskuan dauden espedizioko kideak. Azken hiruek igandean egin zuten tontorra, eta euren senideek gaur ohar bat argitartu dute (gazteleraz). Oharrean diotenez, eguraldi aldaketaren ondorioz galdu ziren beherako bidean.

7.400 metrora izan zuten azken hartu-emana satelitez; haizeak gogor jotzen zuela eta babesa hartu beharrean zirela esan zuten, vivac eginez. Alonso galiziarra da, Paredes espainiarra eta Gomez kataluniarra, eta mendian eskarmentu handikoak dira, Javier Garrido Aragon Aventura agentziko arduradunak esan duenez.

Eguraldi hobea gaur

Alfredo Garcia, berriz, ez zen tontorrera iritsi, eta 100 metro faltan atzera egin behar izan zuen David Lopezekin batera. Lopez astelehenean iritsi zen lehen kanpalekura. Alfredo Garcia, ordea, ez da oraindik ailegatu; hirugarren kanpalekuan dago.

Gaur eguraldiak hobera egin du eta erreskate taldeari helikoptero bat gehitu ahal izatea espero dute. Beste bat ere prest dago. Espedizioa 11 lagunek osatzen zuten.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather