BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

K2

Alex Txikonek bihar ekingo dio K2ko tontorrari

Mendizale lemoarrak uztailaren 28an, igandean, aurreikusi du tontorrera heltzeko eguna. Hala ere, elur asko dago mendian, eta iristeko aukerak ez dira asko.
/ Alex Txikon

Alex Txikon mendizale lemoarrari iritsi zaio tontorrerako bideari ekiteko unea. Aklimatazioa gainditu eta gero, "Bizkaia Gailurretan, Bilbotik K2ra Euskaraz" espedizioa K2ko kanpaleku nagusian izan da eguraldi onaren zain. Heldu da euskal mendizaleak esperotako iragarpen ona K2 (8.611m) tontorrari ekiteko.

Felix Criado galiziarrarekin batera, bihar, goizeko 07:00etan ekingo dio lehenengo eta bigarren kanpalekuetarako bideari Alexek. Hurrengo egunean, piramide beltzera iristeko asmoa daukate, 7.300 metrora. Hara helduta, laugarren kanpalekurako bidea egingo dute 7.950 metroraino. Handik tontorrerako saiakera egingo dute, larunbatetik igandera arteko goizaldean. "Gailurrera iristeko aukerak ez dira asko, mendiak elur asko daukalako, baina hala ere, gure indar guztiekin saiatuko gara". K2ren gailurrean saihestu beharko dituen izotz eta harriekin arduratuta mintzo da Txikon.

"Ilusioz beteta eta oso indartsu gaude. Urte askoan amestutako unea iritsi da. Aurreikuspenak betetzen badira, igandean munduko bigarren mendi garaienaren tontorra zapalduko dugu, umetatik loa kendu izan didan gailurra. Asko sufritu, bizi eta prestatu ostean etorri behar da hona". Horiek Alexen hitzak gaur satelite bidezko telefono-konexioan. Dena den, 7.300 metrotik gora elur asko dago eta izotz eta harriak askatzeko arriskua areagotu egiten da. "Ilusioz gainezka gaude, baina badakigu elur asko dagoela eta tontorrera iristeko aukerak gutxi direla". Ilargi aldaketarekin batera eguraldiak hobera egin du, baina hala ere indartsu ari du elurra. "Mendia etengabe elur berriz zuritzen da eta horrek arriskuak areagotzen ditu".

Alex Txikon duela bi aste iritsi zen K2ko kanpaleku nagusira. Denboraldi gogorra eta emankorra izan du eta aipatzekoak dira udaberrian lortutako Lhotseko gailurra (8.516m) eta bi saiakeraren ondoren, Nuptseko tontorretik oso hurbil geratu izana (7.891m).

G1 mendiaren jaitsieran desagertutako hiru mendizaleak

Mendizale lemoarra arduratsu azaldu da igandetik hona Gasherbrum I mendiaren jaitsieran desagertuta dauden hiru mendizaleengatik: Xevi Gomez, Alvaro Paredes eta Abel Alonso. "Egun asko dira desagertu zirela, bizirik aurkitzeko esperantza gutxi daukagu. Orain, laugarren mendizalean jarri behar da arreta, laguntza behar baitu hirugarren kanpalekutik jaisteko. Babes osoa helarazi nahi diot, eutsi dezala. Eta besarkada bero bat familientzat".

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather