BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

K2

K2ri agur esan behar izan dio Alex Txikonek, elurra dela eta

Elur asko dago eta izotz zein harriak etengabe askatzen dira. Horregatik, bigarren kanpalekuan espedizioa bertan behera uztea erabaki du mendizale lemoarrak
/ Alex Txikon

Elurrak K2ko tontor saiakera bertan behera utzi eta espedizioari agur esatera behartu du Alex Txikon. Bost orduz eskalatu eta gero, bigarren kanpalekura (6.900 metro) iristea lortu duenean, amaitutzat eman du "Bizkaia Gailurretan, Bilbotik K2ra Euskaraz" espedizioa. "Bigarren kanpalekura heldu naiz, indartsu nago, baina mendiak geratzeko dio: erabaki onena ahalik eta azkarren kanpaleku nagusira itzultzea da. Eguraldi honekin tontorrerako bideari ekitea heriotzerako bidea hartzea izan daiteke", horiek izan ziren Alexen hitzak atzo eguerdian. Bere espedizio-kide Felix Criadok ere atzera egitea erabaki du.

Alex Txikonek atzo goizeko 07:00etan ekin zion K2ko tontorra zapaltzeko saiakerari, bidean hirugarren eta laugarren kanpalekuak igarota, bere hamaikagarren "zortzimilakoa" larunbatetik iganderako goizaldean lortzeko esperantzaz. Baina bost orduko eskalada nahikoa izan da munduko bigarren mendi garaienaren arriskuaz ohartzeko. Elur asko dago eta horrek bidea zaildu du. "Horrela ezin da aurrera egin. Oso azkar egin dugu aurrera eta indartsu gaude baina zentzuz jokatzea dagokigu eta erabaki zuzenak hartzea. Hemen amaituko da espedizioa, aurrera egitea ez litzateke zuhurra izango, elur-jausi batek harrapa gaitzake", arnasestuka mintzo zen atzo Alex Txikon satelite bidezko telefono-konexioan.

Egun hauetarako eguraldi iragarpen onak Txikonen planak aurreratu zituen eta tontor saiakerari ekitea erabaki zuen Felix Criado mendizale galiziarrarekin batera, baina bazekiten Karakorumeko eguraldiak ez ziela bidea erraztuko. "Bagenekien gailurrera heltzeko aukerak gutxi zirela, baina indartsu eta ilusioz gainezka geundenez saiatu beharra geneukan". Hala ere, lehen eguna nahikoa izan da une egokia ez dela argi geratzeko. "Mendia horrelakoa da, fisikoki indartsu egon arren, erabaki zuzenak hartzen jakin behar da: K2 beti egongo da hor eta guk bere seinaleak irakurri behar ditugu. Inoiz baino indartsuago nago, gogo eta ilusio askorekin baina denboraldi honetan ezinezkoa da".

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather