BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

mendi-lasterketak

Baso-bide zoragarriak eta ikuspegi magikoak

Larunbatean, abuztuak 3, Canfranc-Canfranc mendi-lasterketa jokatu zen. 15, 32 eta 42 kilometroko hiru proba izan ziren.
Canfranc-Canfranc
Canfranc-Canfranc / Javi Dominguez

Maratoiak 3200 metroko desnibel metatua zeukan, gogorra benetan. Lasterketa maiatzean egin behar zuten hasieran baina elur asko bota zuen orduan eta abuztura atzeratu zuten. Ibilbide ikusgarria eta oso gomendagarria izan arren, lagun arteko lasterketa da, ez zaio publizitate askorik egiten. Tarteka ingurura begiratu eta paisaiaz gozatzea maite dutenentzako lasterketa da hau, baina baita hortzak estutu nahi dituztenentzat ere: kilometro bertikalak, jaitsiera teknikoak eta korrika egiteko tarte asko baititu. Lehen sei kilometroetan La Moleta tontorra igo genuen, 1.500 metro desnibel positibo.

Ibilbidearen zati batean desagertu egin ziren zenbait marka eta ondorioz ia denok galdu ginen. Txus Romón bera ere galdu egin zen lasterketa-buruan zihoala, eta 20 bat minutu galdu zituen zoritxarrez. Itzulinguru luzea egin zuen eta ezin izan zen kontrol-postu batetik igaro. Pixkanaka galdutako denbora berreskuratu eta Racan ni neu ere harrapatu ninduen ia-ia. Azkenean ni lehenengo eta bera bigarren. 5 ordu eta 20 minutu nik, eta 5 minutu gehiago Txusek.

Lasterketaren amaieran, ordea, parte-hartzaile bat kexatu egin zen Txus kontrol-gune batetik igaro ez zelako eta ondorioz lasterketatik kanpo utzi zuten, gainerakook baino kilometro gehiago egin zituen arren. Nor bere zoroak bizi du, zalantzarik gabe. Kontua da araudiaren arabera, kontrol-gune batetik igaro ezean eta norbaitek kexa jartzen badu, korrikalaria lasterketatik kanpo gelditzen dela. Gertatutakoa gorabehera, Txusek eta biok Racatik Canfranc-eraino hartu genuen berotua geratu zait barnean. Baita ibilbidean ikusitako baso-bide zoragarriak eta tontorretako ikuspegi magikoak ere. Etxean halakorik izango bagenu!

Nesketan Monica Granjera izan zen azkarrena, eta Maddi Arrazola lagun nekaezina bigarren.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather