BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

2013ko denboraldia bukatzear

Hurrengoa aurtengoa bezalakoa izan daiteke... baina hobea EZ!
/

2013-08-11 / Maite Maiora

2013ko mendi-lasterketa denboraldia. Pozak pozaren atzetik. Baina denari eman behar zaio amaiera, hurrengoa gogotsu hartu eta indarrez beterik hasteko.

Aurtengoa baino hobea izan daitekeen galdetzen diot neure buruari askotan. Emaitzei begira jartzen banaiz... baietz esango nuke, ez baititut irabazi, korritu ditudan lasterketa guztiak; baina satisfazio pertsonalari begiratzen badiot, aurtengoa bezain ona izan daiteke baina hobea ez! Eta ez det lan makala edukiko aurtengo denboraldia berdintzen!

Martxoan izan zen denboraldiko lehen mendi-lasterketa, Arriaranen. Eta harrezkero etengabeko bide bat izan da, lasterketak, bidaiak, plan aldaketak, etab. Ilusioz eta esperantzaz beteriko bidea.

Aurten lortu dudan guztia ikusirik... (ez naiz nire palmaresa ipintzen arituko), ezer gutxi eska dezaket. Tira agian komunikabideei esango nieke hemen gaudela, eta mendi-lasterketek gero eta parte-hartzaile eta jarraitzaile gehiago dituztela. Kontuan izan dezaten.

Argi utzi nahi dut halaber, mundu honetan gabiltzan gehienok gure lanbidea daukagula eta egun askotan entrenatzera irteteko borondate eta gogo handia ipini behar dugula. Egia da ilusioz eta gustuz egiten diren gauzak beti errazago egiten direla.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkizuet nigan konfiantza jarri duzuen guztiei. Eta batez ere Luis Alberto, Iñigo, Aritz, Arritxu, Etor, eta nola ez etxekoei. Eta bereziki Iosuri, berak dioen bezala nire sherpa-ri. Bera ondoan ez balego ni ez nintzateke heldu naizen lekura iritsiko.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather