BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Mont Blanc, Mendia

Gailurrik gabe ere, pozik!

Uztailaren 1etik 10era Mont-Blancen itzulia egin genuen beste behin. Ongi amaitu genuen denok eta pentsatu moduan egun pare bat geratu zitzaizkigun Chamonix inguruetan lasaitu eta indarberritzeko. Amaitu aurretik ordea Josuk karamelua jarri zidan ahoan.
/ Nagore Salaberria

Mont-Blancen gailurra egiten saiatu behar nukela proposatu zidan.

Taldeko beste bi ere gai izango liratekela iruditzen zitzaion eta falta zitzaigun materiala alokatzeko aukerak bazirela kontutan izanda, aterpetxean tokirik topatuko bagenu orduan baino baldintza hobeak topatzea zaila izango genuela eta… Hirugarren aldiz esan aurretik konbentzitua ninduen. TMR zeharkaldiaren azken egun hartan bide guztian parez pare, Mont-Blancen gailurra ikusteko aukera izan genuen eta bertan gure buruak imaginatzen pasa genuen eguna. Azken aste hartan arratsaldero ekaitzak sartzen ziren, ez nolanahikoak gainera, baina goizero zerua urdin eta bare eta mendiak zuri eta eder agertzen zitzaizkigun. Bertan egoteko ametsa egia bihurtzeko gai izango ote ginen?

Itzulia amaitu, kanpinera itzuli, motxilak hustu, arropa zikinak baztartu, gure buruak txukundu, pasta entsalada mundiala afaldu, garagardoa edan eta lasai lasai Mont-Blanc igotzeko aukerari begiratu genion. Josuk bildua zuen informazioarekin eta bere aurreko esperientzian oinarrituz, pixkana pixkana gure buruan ibilbidea eta egin beharrekoa forma hartzen joan ziren. Gauean bakoitzak gure erara eman genion buruari. Ni irrifarrez lokartu nintzen, abentura baten aurreko sentsazio atsegin horrekin. E. bere inguruko jendearengan pentsatzen eta banan bana bakoitzari zer esango lioken imaginatzen. M. berriz saiakera egin ala ez erabaki ezinik.

Gosariaren inguruan M.k ez joatea erabaki zuela esan zigun. Bere seme alabekiko sentitzen zuen ardura medio, horrelako zerbait aurrez ongi prestatuta egin nahiko lukeela baina ez zitzaiola zuzena iruditzen modu honetan, inori ezer esan gabe, harriskuak hartzea.

E. eta nik aurrera egitea erabaki genuen. Goizean 8ak aldera deitu nuen Tete Rousse aterpetxera eta guretzat lekua bazutela esan zidaten. Gouterren oherik lortzea ezinezkoa zela jakinda Tete Roussen erreserba egin nuen. Bagenekien honek gure bideari ordu batzuk gehitzen zizkiola baina beste aukerarik ez genuen ikusten.

Gosariaren ostean motxila berriro prestatzeari ekin genion. Ahalik eta arinen ibiltzea zen ideia oraingoan. Eguraldi ona ia ziurtatua genuenez bailarako berorako eta gailurreko hotzerako beharrezko arropetatik bakoitzetik bat hartu genuen, aldatzeko aukerarik gabe. Soka (kordino) bat bagenuen. Biontzat pioletak ere bai. Arnes eta kaskoa bakarrik falta zitzaizkidan niri. E.rentzat botak, galtza luzeak eta kranpoiak ere alokatu behar izan genituen. M.k lagundu gintuen Les Houcheseko alokairu dendara eta osatu ginenean agurtu gintuen.

Mont-Blanc igotzeko gerturaketa normalean ez da oinez egiten. Saint Gervaistik trena edo Les Houchestik teleferikoz Bellevuera igo eta handik gora trena hartzea da mendizale gehienek egiten dutena. Les Houchesko Teleferikoa geldirik zegoen uda hontan ordea geltoki ondoko tabernak su hartu izanaren ondorioz kableen segurtasuna bermatzeko lanean ari zirelako. Beste bide bakarra beraz, oinez igo ezean, gorago dagoen Le Prarionera telekabina bat hartzea da. Handik 20min inguru oinez Bellevuera jeitsi eta bertan Nid d’Aiglera trena hartzea. Garraio guztiak justu justu lotu genituen eta uste baino lehen Nid d’Aiglen ginen. Gure ondoan ingeles itxurako bi mendizale eta apartexeago gidaria zirudien beste bat genituen. Inguruan ehundaka turista. Non bereizten da mendizalea eta turista? Kasu honetan gu nahikoa turista sentitzen ginen. Benetako mendizale itxura zuten haiek aurretik joan zitezen nahi genuen, egiten zutenetik ikasteko baina bazkaltzea erabaki zutenez guk ere barritaren bat jan, komunera joan, arropak aldatu, motxila berrantolatu… genituen.

Bikote ingelesa abiatu zenean, haien atzetik 5 minuturen aldearekin edo abiatu ginen gu eta gidariak pelotoia ixteko intentzio osoz tarte on bat utzita jarraitu zigun.

Tete Rousserako bidea erraz egin genuen. Harri eta elur tartean 2 ordu pasatxo ibili eta aterpean ginen. Logelan literak hartu, afari eta gosariaren berri entzun eta eguraldi ederrean inguruko ikusmiraz gozatzen egon ginen. Tricoteko lepoa, Miageko glaziarra, Bionasay puntak… Aste bete zen bailara haietatik ibili ginela eta aste bakar hartan guk zapaldutako elurrak nola urtu ziren ikusteak txunditu gintuen. Mendialdean berriz "bolera" famatuaren bistak genituen parez pare. Haizetik babestuta harriaren epelean eseri eta hurrengo egunean egin beharko genuen bidea aztertzen aritu ginen. Hala ari ginela, helikopteroa ikusi genuen bidean norbait jasotzen. Handik gutxira berriz emakumezko garraisi bat entzun genuen "boleratik" zetorrena. Irristatu eta segurtasun kabletik zintzilik geratu zen. Hari lotuta zihoan mutila ere eusten saiatu zen arren azkenean erori eta hura ere zintzilik geratu zen. Mutila azkar mugituaz, zulotik atera eta bidezidorrera itzuli zen, atzetik zetorren beste kide batek lehenik erori zen neskari gora irteten lagundu zion eta azkenean guztia susto batean geratu zen baina segurtasun kablea ongi erabiltzearen garrantziaz jabetzeko balio izan zigun.

Horrelako sustoak eta erreskateak, gertatzen zaizkionarentzat latzak dira noski, baina ikusten daudenentzat ikasgai apartak izan daitezke. Egin beharreko ibilbidearen seriotasunaz jabetzeko modu ezin hobea izan zen guretzat arratsalde hartan ikusia.

Afaria arratsaldeko 6:30tan genuen. Gure mahaian Masazerbait izena zuen mendizale japoniarra eta Patrick bere gidari frantsesa topatu genituen. Masa Japonen espezialitatea den haragi berezi bat eskaintzen duen jatetxeko jabe eta sukaldaria da. Mendia maite duena eta ahal duenean Europa aldera bidaiatzen duena. Bere emazteak ez duela mendia gogoko esaten zigun. Bere emazteak erosketak egitea duela gogoko. Horregatik mendira bakarrik etortzen zela eta ahal zuen guztietan Patrickekin ibiltzen zela. Patrick Alpeetan, Himalayan eta Andeetan eskalatzen eskarmentu handiko gidaria zen. Guretzat aholkurik ba al zuen galdetu nion. Kontuz ibiltzeko izan zen bere erantzuna.

Afalondoren oherako prestatu ginen. 8ak alderako etzan eta tapoiei eskerrak segituan hartu nuen lo. Tamalez 3 bat ordu lo egin nituen eta 23:00tatik 01:00 arte esna egon nintzen. Loak hartu ezinik behintzat ohean deskantsatzen egotea ere txarra ez denez lasai egon nintzen. 01:00 aldera E. esnatu nuen eta gosaltzera igo ginen. E.ri lo hartzea asko kosta omen zitzaion eta azken ordu parea edo hiru besterik ez omen zituen egin lo. Beste talde bat bakarrik zen gure ordu berean mugitzekoak baina bakarrik ibili ginen jantokian. Bertan jantzi, gosaldu, janaria pixka bat asentatzen utzi eta kanpora irten ginen. Eguraldi ona, haizerik ez, hotz handiegirik ez baina ilun. Kasko, frontal, kranpoi eta pioletez horniturik ekin genion bideari.

Espero nuen Tete Roussetik jende gehiago mugituko zela ordu horietan eta haien argiei jarraituaz bidea errazago topatuko genuela, baina ez genuen zorte hori izan. Gure aurretik, baina oso urrun, ikusi nituen beste kopetargi batzuk. Lehen zailtasuna ilunpe hartan "bolera" topatzea izango zen. Elur malda aurreko egunean pasatako jende guztiaren dozena bat traza ezberdinez goldatua zegoen eta ilunpean ezinezkoa zen bide onena zein zen jakitea. Zortez gure atzetik abiatu zen talde batek harrapatu gintuen eta haiei jarraituaz topatu genuen "bolera"rako bidea.

Bolera, gutxi gora behera, Gouter aterpe zaharraren paretik Tete Rousseraino eta handik beste berrehun bat metro beherago jeisten den ibar estu samar bat da. Urte osoan elurra pilatua egoten da bertan eta Mont-Blancera igotzeko zeharkatu beharra dago. Elurretan bidezidorra egina dago eta ibiltzen den jende kopuruari esker ongi markatua dago bidea. Berez ez du zailtasun handiegirik. Irristatuz gero elurretan amildu zaitezke baina beste hainbat elur pasalekutan gertatzen den moduan. Pasu honek duen harrisku berezia, eta izena ematen diona, goitik erortzen diren harriak dira. Tamaina guztietako harriak jausten dira. Batzuk Tete Rousse Gouterrekin elkartzen duen bizkarrean dabilen jendeak botata eta beste asko mendiaren dinamika naturalak eraginda. Harri hauek, txikiak ala handiak, guztiak abiada bizian iristen dira bideak elurra zeharkatzen duen puntura. Hauetako batek jotzea, ukitzea edo zenbait kasutan gertuegi pasatzea nahikoa izan daiteke ohinezkoa desorekatu eta elurretan behera amiltzeko. Harriak bola dira eta pertsonak boloak.

Pasabide hau ahalik eta seguruen egitearren aldenik alde kable bat instalatu zuten. Mendizaleek normalean soka luze batez elkar lotu eta soka hori mosketoi baten bidez kablera lotuta aseguratzen dute elkar. Guk generaman soka, mosketoi, sling eta bestelako materialak aztertzen eta aukerarik onena zein ote zen ikusten ari ginela, beste talde batek harrapatu gintuen. Azkar zetozen, gidari frantsesa zuten aurrean eta hitz egiteko ere gelditu gabe, nahiko zalapartatsu, bidetik apartatu gintuen, gure soka nahikoa ez zela eta horrela gure burua eta besteak harriskuan jartzen genituela ohikatu zigun. Guk eskerrak eman genizkion eta gureari ekin genion.

Goizean hain goiz pasatzeak abantaila handi bat ematen zigun, beroak goiko harriak askatzeko harriskurik ez eta gure gainetik ia inor ez zebilenez haiek ere deskuidoan ezer botatzeko aukerak ere mugatuak ziren. Tentu handiz eta ongi pasa genuen biok.

Handik gorakoa harri eta izotz tartean sigi-saga doan bide batean egin genuen. Bidea ez ezagutzeak eta gauaren iluntasunak gure pausua asko mantsotu zuten. Ez dakigu zehatz zenbat denbora behar izan genuen bizkar hau gainditzeko baina eguzkiarekin batera iritsi ginen Gouter zaharrera.

Eider Elizegiren Mi Montaña oso present izan nuen bide osoan. Bere Gouterreko bizipenak baino gehiago ingurua deskribatzen duen moduaz gogoratzen nintzen eta ulertu nuen, berak azaldu bezala, magiazko eremua dela hura. Gustora igaroko nuke bertan denboraldi bat egunero eguzkia irteten denetik sartzen den arte, lehen izarrak ikusten direnetik bailarako hirien argitxoak itzaltzen diren arte eta behe lainoak malkarrak estaltzen dituenetik ekaitzak astindu eta zerua baretzen den arte, harri eta elurrezko erraldoi haiei begira.

Gouter zaharretik elur bizkar bati jarraituz Gouter berrira iritsi ginen. Eguraldi bikaina genuen. Gustora gindoazen elurretan. Sokaz lotu ginen naiz eta malda handirik ez izan eta pioletak eskuan generamatzan badaezpada ere. Gouter berritik gora, Domme de Gouter aldera abiatu ginen malda zabal eta elurtsuan ezker eskuin.

Oso gustora nindoan goizeko freskotasunean baina E. nekatzen hasi zen. Tarteka atsedenalditxoak hartu behar zituen eta geroz eta nekatuago somatzen nuen. Jada 4000 metro inguruan genbiltzan eta oxigenoaren falta nabaria da ohitu gabe dagoenarentzat. Indarrez sasoi betean egon arren, hartzen duzun arnasak normalean baino gutxiago betetzen dizkizu birikak. Ni Nepaletik nentorren. E. berriz itsasertzetik.

Dome de Gouterrera iritsi ginenean jateko janzteko eta egoera aztertzeko atsedenalditxo bat egin genuen. Falta zitzaiguna ikusirik, generaman erritmoa kontutan izanda, jeisteko beharko genuen denbora kalkulatuta eta gure neke eta eskarmentu mailak ekuazioan sartuta, emaitza garbia atera zitzaigun. Han buelta hartzea izango zen guretzat seguruena.

Inongo prestakuntza berezirik gabe eta mendi hartan aurreko esperientziarik izan gabe egin genuena egiteaz harro geunden. Ikusi, zapaldu eta sentitu genuenarekin asetuta agian ez baina beteta geunden. Pena latza eman zigun noski, hain gertu eta hain baldintza onetan topatu eta gailurra ezin egiteak, baina batez ere lagunengana osorik itzuli eta bizipen guztia kontatzeko gogoa genuen. Aurrera jarraituz gero orduak batu, nekea biderkatu eta harriskua berretzea besterik ez genuen lortuko. Mont-Blanc or egongo da gero ere eta garaiz buelta ematen jakiteagatik, gu ere bai. Berriro saiatzeko gogoz gainera!

nariboitarra.com | taibilimunduan

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather