mendia
2013-08-23 / Ander Garmendia
Astea igarotzera joan ginen Pirinioetara, duela pare bat aste, Joanes eta biok. Blogaren estreinaldia izanik, eta irakurle kopurua idazlearen kalitate literarioa bezain eskasa dela suertatzen zaidanez, ez naiz asko luzatuko. Pare bat eskalada egin eta zapatilak ere hondatu genituen, Balaitous, Infiernos eta Perdidon gora eta behera.
Azken bi egunotan Cervino eta Peutereyaren integraleko errekorrak ondu izanak txikiago egiten gaitu gure txikitasunean, baina tira, soberako harrokeria tantak distilatu eta egunotan egindako ibilbide aipagarriena azaltzeko adina ematen dit.
Panticosan gaua egin ostean, eta bertan batu ginen hirurotako baten urtebetetzea ospatzeko, mapa baino irudimen gehiago erabiliz zentzuzkoa zirudien bira bat egitera abiatu ginen. Panticosako bainuetxetik irten eta Argualas igo, ertzetik Algasera, Iparraldeko Algas eta hurrena Garmo Negro. Destrepea Pondiellos Orratzera, bertatik Infiernos tontorrak igo eta Tebarray eta Bachimañako ibonetatik buelta Panticosara. Guztira 6 ordu pasatxo egin genituen. Pondielloseko mendatea aproposa da vivac egiteko, eta sei orduko bi etapa nahikoak izango dira.