BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Ezbehar larregi

Uda latza Pakistanen.
/

2013-09-03 / Juanra Madariaga

Mendi altuak igotzeko sasoi zehatzak daude. Ezin da edozein mendi nahi den garaian eskalatu. Neguan sekulako giro exkaxa egoten da, bertako hotzak zauritzen baitu. Beste denboraldietan, hodei-tzarrak, elurtzak, izoztaldiak eta horrelako tarte metereologikoek debekatu egiten dute saiatze bera ere, arrisku handitan sartzea baita.

Pakistanen hainbat mendi erraldoi daude eta horietara hurbiltzeko sasoirik bete-betekoena, uda hasiera izaten da; ekainean abiatzen dira harantz ia alpinista gehienak, buruan amets bat dutelarik.

Aurtengo udaldian ere mendizale anitz hurbildu dira erraldoien oinetara. Nanga Parbat, Broad Peak, Gasherbrum I eta K2 mendiak guztion ahotan egon dira, eta ez da izan daukaten edertasunagatik, beren maldetan agitu diren ezbeharrengatik baizik.

Espedizio-aldiak hasiera ezin txarrago eta izugarriagoa izan zuen. Al-Qaedako Tehrik-e-Taliban talde terroristak Txina, Ukraina, Eslovakia, Nepal, Lituania eta Pakistango mendizaleak erail zituen Nanga Parbat mendiaren kanpamentu nagusian. Ekintza beldurgarria izan zen, laborria hedatu zuena.

Atentatua gertatu eta bi astera, zenbait alpinista mendietan gora eta behera zebiltzan. Gasherbrum I mendiaren inguruan Artur Hajzer eta Marcin Kaczkan bikotea tematurik zegoen G1 eta G2 handiak lotu nahian. Zorigaitzez Artur Hajzer erori egin zen lehenengotik jaisten ari zenean. Egun batzuk geroago topatu zuten bere gorpua.

Broad Peak mendian Aidin Bozorgi, Pouya Keivan eta Mojtaba Jarahi iraniarrak gailurretik bueltan zirela desagertu ziren, bidean okertu eta irteerarik gabeko ertz batean harrapaturik lotu zirenean.

Gasherbrum I mendian berriz gertatu zen desgrazia. Xevi Gomez, Alvaro Paredes eta Albel Alonsok eguraldiaren aldaketa jasan behar izan zuten bidean galdu baino lehen. Ez ziren inon agertu.

Alex Txikonek buelta hartu zuen K2 mendian zeuden baldintzak behartuta. Ez zuten gauza bera egin Marty Schmidt-ek eta bere semea Denali Schmidt-ek. Atsedena har-tzeko eta lo egiteko jarrita zuten alturako kanpamentua elurrolde batek suntsitu zuen osoki, eta biak hilik gertatu ziren. Ezbehar larregi.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather