BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

ultra-trailak

Datorren urtean ere, Cham-en ikusiko dugu elkar!

Utmb: ultra-emozionatuta.
UTMB 2013
UTMB 2013 / The North Face

Bidaia bat eginda: aurten Alpeetara itzultzea.
Erronka bat beteta: Mont Blanc mendiguneari etenik gabe bira osoa ematea.
Ezinezko amets bat egi bihurtuta: hirugarren helmugaratzea.

Errepidean kartelak ikustean oilo-ipurdia jarri zitzaidan: Chamonix-Mont Blanc. Beste urtebetez Europako lasterketa handienean. Lasterkari handienekin irteeran. Mendi Zuri handiari bira emateko.

Musika ozen, pultsazioak gorenean, ilusioa eta jendea, jende asko. Hori arnastu genuen irten aurreko uneetan. Lau urtean lehen aldiz ibilbide osoa egingo genuen. Irteera azkarra izan zen, beti bezala. Jende asko Chamonixeko kale nagusiaren alde banatan. Mendiko ultrak gustuko badituzu, esperientzia hau bizi egin behar da. Paregabea da. Chamonix atzean utzi dugu, baita zarata, txaloak eta zintzarri erraldoiak ere. Hasi da lasterketa.
Erritmo eroso bat hautatzean dago gakoa, kilometro asko sentsazio onekin eta gozatzen egin ahal izateko. Izan ere, gozatu ezean, ez gorputzak ez buruak ez dute ongi funtzionatzen. Hor dago gakoa. Denbora pasarazten laguntzen dizun edozerk hobetzen du errendimendua: norbaitekin hitz egiteak, paisaiaz gozatzeak, jendearen animoek, izar iheskorrak ikusteak, lasterketa-burutik gertu egoteak... Guztiak animatzen eta bultzatzen du. Tarteka lasterketa buruan izan nintzen, nik neuk jakin gabe. Gaitz erdi. Horrek ez baitu laguntzen, horrek ikaratu egiten du. Zerbait gaizki egiten ari nintzela pentsatuko nuen. Horregatik ulertzen dut orain batzuek "Julian" (Chorier) esanez animatu izana. Halako makina bat pasadizo bizi izan nituen.

Gau perfektua zen, izarratuta zegoen, hotz askorik gabe eta sentsazio onekin nijoan. Baina 6 orduren ostean bi korrikalarik goraka, korrika txikian eta hizketan aurreratzen zaituztela ikusteak edonor gogogabetzen du. Kuprika eta Chorier baldin badira, ordea, guztiz kontrakoa sentitzen duzu. Kilometroak aurrera doaz eta gero eta sinetsiago daukat helburua lortuko dudala: lehen hamarren artean sartzea.

Gauez errazagoa da erreferentziak hartzea buruko argiarekin. "Atzean neuzkan biak urrun datoz" horixe pentsatu nuen La Foulyra iritsi aurretik. Bostgarren postuari eusteko gai izango nintzen. 60 km baino ez ziren falta. Hala ere, banekien ezin dela ezer segurutzat jo, 10 ordu baino gehiago falta direnean. Oso motibatuta nindoan, sentsazio onak jaisterakoan eta ez horren onak igotzerakoan. Eta orduan iritsi zen ezustea: Chorierri aurrea hartu nion, oso nekatuta zihoan. Geroxeago Kupricka ikusi nuen, motel oinez. Ezin nuen sinetsi. Hirugarren UTMBn, alegia. Kontroletan gero eta jende ezagunagoa, aurrekoen eta atzekoan erreferentziak ematen zizkidaten. Eskerrik asko Gorka eta Txapel. Kilometroak aurrera zihoazen, gero eta gutxiago falta zen. Chamonixera iritsi eta han zeuden Ixaka, Imanol... jende mordoa animatzen.

Jende artean zeharkatu dut azken pasabidea, ezker eskuin jendea agurtzen, helmugara iritsi arte. Ezin azalduzkoa. Emozioak gainezka behin eta berriz. Eta gero, bigarren partea: lortutakoa nik neuk sinestea. Mezuak mundu osotik, zorionak... Ez gaude halakoetara ohituta. Ni oso lotsatia naiz gainera! Eskerrik asko denoi! Eta batez ere Felipe Artigueri, lagun handia eta sokalaguna Chamonixen. Datorren urtean ere, Cham-en ikusiko dugu elkar!

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather