BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

raidak

Esteribar raid-a, asteburu honetan

Udako geldialdiaren ostean larunbatean jarriko da berriro martxan Euskal Herriko Raid zirkuitua, Columbia Raid Series delakoa.
Esteribar bailara
Esteribar bailara / Esteribar Raida

4 raid izango dira guztira udazkenean eta Esteribarkoa izango da lehenengoa. Zubiri izango da lehiaketaren abiapuntu eta helmuga, eta raida Esteribar bailarako mendietan izango dela, ez dakigu besterik.
Raid guztietan bezala, ibilbidea ongi gordetako sekretu bat da, eta mapak eskuan hartzen ditugun momentuan jakingo dugu norantz joan beharko dugun. Bidea aukeratu, ze PC hartu nahi ditugun pentsatu eta ekin!

https://sites.google.com/site/raidesteribar/ webguneko informazio teknikoaren arabera, 4 atal izango ditu raidak.

-Lehen zatia herri barruko orientazio txiki bat izango da. 2 kilometrokoa. Patinetan egin beharreko proba berezi bat ere izango da tartean (proba bereziak ez dira derrigorrez egin behar. Egiten ez duenak puntuak galduko ditu, baina berdin-berdin jarraitu ahal izango du aurrera).
-Bigarren zatia mendi bizikletaz egingo dugu: 19 km eta 600 m desnibel positibo.
-Hirugarren zatian trekking bat egingo dugu: 17 km eta 1.100 m desnibel positibo. Sokak ere beharko omen ditugu tartean. Rappel bat izango da agian?
-Laugarren eta azken zatia mendi bizikletaz egingo dugu berriro: 12 km eta 400 m desnibel.

Bigarren sekziotik hirugarrenera (T2) eta hirugarrenetik laugarrenera (T3) egin behar diren trantsizioak ez dakigu non izango diren. Mapan egongo dira adierazita. Atalen distantziak begiratuta eta mendi-lasterketetan lortzen diren abiadurak kontuan hartuta, ibilbide osoa 7 bat orduan egin ahal izango dugula uste dugu. Zaila izango da, ordea, %100ean osatzea!

Bi lagun, mendi bizikleta, korrika egiteko zapatilak eta gogoa besterik ez dira behar. Orientazioak ez dezala inor beldurtu, ez da zaila eta. Gaur amaituko da izena emateko epea. Animatu eta parte hartu!

Hurrengo astean Raidaren kronika txiki bat egingo dugu. Egurra!

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather