BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Nafarroa Bizirik

250 m, 8a+/b, Marbore Dorrea (Gavarnie)
Nafarroa Bizirik
Nafarroa Bizirik / Ekaitz Maiz
/

2013-09-20 / Ekaitz Maiz

2012ko iraila bukaeran bero handia geneukan Etxaurin eta gogoa toki freskoetara joaten zitzaigun Asierri eta niri. Udan, Marboreko dorrean, Manu Cordovarekin "Hiperamort" zabaltzen egon nintzenean irudikatu nuen bidea gero eta forma handiagoa hartzen ari zen neure buruan. Asierrekin hitz egin eta eguraldia begiratu ondoren berriz ere joan ginen Gavarniera.

Larunbatean, goizaldeko 05:00etan jaiki ginen Serradetseko aterpetxean. Egunsentirako pareta azpian geunden. Bide berri bat zabaltzera noan aldiro bezala, salebeko tximeletak urduritasunez dantzan neuzkan. Irudikatu genuen bideak Marboreko dorrearen ipar horman dauden sabai batzuk zeharkatzen zituen. Eskalatzen hasi eta berehala, urduritasuna eta kontzentrazioan bihurtu zen.

Lehenengo sabaia gaindituta, aurretik heldu nuen harri bat hautsi eta ia airean gelditu nintzen. Susto polita, batez ere Asierrentzat, harriak ia buruan eman zion-eta. Beste bi sabaiak zailagoak ziren eta hustu egin nintzen ia horiek gainditzeko. Sabaien gainean plaka gris zoragarri batzuk daude eta nekatuta iritsi nintzen erabat. Izan ere, bidea zabaltzeaz gain, ahalik eta modu garbienean zabaltzea zen helburua, hau da, ahalik eta parabolt gutxien jarrita. Horrela eskalatzeak tentsio handia sortzen du eta energia oso azkar kontsumitzen da. 60 metro eskalatu eta 6 parabolt jarri ondoren, errepisa on batean jarri nuen bilgunea. Ez dakit zenbat denbora kostatu zitzaidan luze hori zabaltzea, baina arnasa berreskuratu eta lasaitzeko minutu batzuk geldirik egin behar izan nituen.

Hurrengo luzeek aurrekoak baino errazagoak ziruditen, baina aurretik pilatutako nekeak, harri askeek eta ahalik eta txapa gutxien jartzeko nahiak ez ziguten uzten inolaz ere lasaitzen. Azken luzetik ateratakoan, txikituta geunden erabat. Aterpetxean afaria prestatzen geunden bitartean, hurrengo eguna lasai hartu eta etxera patxadaz joatea erabaki genuen. Hustuta bukatu genuen eta ez geneukan batere energiari hurrengo egunean eskalatzeko.

Urriaren 12an, eguraldi eguzkitsuarekin Gavarniera joan ginen berriz ere. Marboreko Dorreari begiratu eta aurreko astean eroritako elurrak errepisetan pilatuta jarraitzen zuen, eta pareta blai zegoen erabat. Atsekabeturik, Toussauseko falaisean eskalatu eta 2013rako utzi genuen "Nafarroa bizirik".

Udaberrian eroritako elurteen ondorioz, itxaropen gutxi geneukan Pirineoetan. Alpeetako oporretatik bueltatzean Serradetseko aterpetxera deitu eta pareta ongi zegoela esan zidaten. Bi aldiz pentsatu gabe eguraldi oneko lehen egunetan han geunden Asier eta biok. Oso goiz jaiki gabe, paretari itzala sartu zitzaionean hasi ginen eskalatzen. Lehen luzeak gogorrak izan ziren, bai fisikoki baita psikologikoki ere. Hala ere, bigarren sabaian mugimendu zail bat dago eta behin eta berriz erori nintzen. Mugimendua nola egin ondo aztertu eta atseden hartu ondoren, hortzak ondo estutuz gainditzea lortu nuen. Sekzio delikatu eta psikologiko batzuk igarota, luzea kateatzea lortzen nuen. "Ufffff, ze nekatuta nagoen! Bideko luzerik zailena kateatu dut, baina datozenak ere oso gogorrak dira, batez ere psikologikoki". Horixe pentsatu nuen. Urratsez urrats, akatsik ez egiteko kontzentratu eta luzez luze goraka jarraitu genuen. Marboreko Ugatzak bisita egin zigula esan zidan Asierrek, eta ni ohartu ere ez nintzen egin. Luze batzuetan hauxe esan nion neure buruari: "non jarri nuen txapa hor? ez dut inon ikusten!"

Arratsalde bukaeran azken luzea egin eta "Marboreko bizkarrera" atera ginen. Besoetako eta oinetako minez, txikituta erabat. Hala ere, "Nafarroa bizirik" kateatzeak poz izugarria sortu digu, zama arindu eta energiak berritu dizkigu.

Marboreko Dorrearen gailurra zapaldu ondoren, buruko argiekin Rollandeko arrakalatik jaitsi ginen aterpetxera. Hangoen ongietorria eskertzeko ia indarrik gabe, zerbait jan ondoren, berehala hartu gintuen loak.

Hurrengo eguna patxadaz hartu genuen. Aterpetxean bapo gosaldu eta Lionel, Valentine eta Gavarnieko zirkoa osatzen duten mendiei agur esan genien: hurrengora arte!

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather