BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

mendi-lasterketak ultrak

Haize zaldiak, 2013

Cavalls del Vent katalanen Zegama da.
Cavalls del Vent, 2013
Cavalls del Vent, 2013 /

Aurten bai, aurten Cadi-Moixeroko mendiez gozatzeko aukera izan dugu azkenean. Eguraldia bikaina izan zen, korrika egiteko zein lasterketa ikusteko.

Segurtasun kontuak medio, aurten 15 kilometro luzatu dute lasterketa. Bellver herrirainoko jaitsiera gehitu zuten, larrialdiren bat gertatuz gero eta korrikalariak atera beharko balira, beste gune bat izateko eskura. Hori gorabehera, ibilbidea eta giroa bikainak izan dira. Cavalls del Vent katalanen Zegama-Aizkorri da, eta ez Zegamako antolatzaileak urtero bertara joaten direlako bakarrik. Helmugak berak ere Zegamakoa gogorarazi zidan: Bagako herrigune historikoko kale estu eta pikoak, jendez gainezka.

Irteera ere ikusgarria izan zen: gaua zen oraindik, eguna argitzen hastear eta ilargi betea lagun. Zoratuta gaudela diote, baina zergatik? Gauez mendira irten eta 100 kilometro egiten ditugulako? Kirola baino gehiago, hau esperientzia bat da. Mendi irteera bat, 1000 lagunez inguratuta. Tartean anoa-postuak daude, zuk zeuk jatekoaren pisurik eraman ez dezazun. Gainera, ni bezalako baldarrentzat, ibilbidea markatzen dute, biderik onenez goza dezagun. Hori gutxi ez eta ibilbide osoan jendea animatzen, eguzkia, eguraldi ona. Horrek guztiak hauxe pentsarazten dit: berriro itzuliko naiz.

Baina bada gehiago ere. Kirolari estu-estu begiratuz gero, urtero-urtero maila goreneko korrikalariak joaten dira lasterketa honetara, eta gainerakoontzat eskuraezinak izan arren, lasterketari maila eta prestigioa ematen diote, eta horrek jende asko erakartzen eta animatzen du parte hartzera.

Lasterketa buruan joan ziren bost korrikalariak irteeran baino ezin izan genituen ikusi. Pena da helmugan sartzen ezin ikustea, ezta bosten arteko lehia jarraitzea ere. Horixe da lasterketan parte hartzeak daukan prezioa. Pena daukat halaber, Nuria eta Uxue helmugan sartzen ikusi ez nituelako. Dutxan nintzen orduan. Hurrengo goizean, ordea, eguzkia berotzen hasi zenean, mendian 24 ordutik gora egin zituzten hainbat korrikalari ikusi ahal izan nituen helmugaratzen. Hunkituta iritsi ziren, elkar besarkatzen edo helmugan zain zituztenak besarkatzen. Ikusgarria.
Lasterketan nork bere buruarekin egiten du borroka, edo gertuen dauzkan korrikalariekin. Ni neu neure buruarekin lehiatu nintzen. Baina baita Pau eta Totirekin ere, seigarren eta zortzigarren helmugaratu ziren, hurrenez hurren. Oso tarte estuarekin helmugaratu ginen, horregatik hortzak estutu eta pixka bat (dezente) sufritu behar izan genuen azken kilometroetan.

Azkenean, esan bezala, lasterketa baino gehiago esperientzia bat izan da, ehunka sentsazio eragin dizkidan esperientzia. Horixe dute ona ultrek, horren luzeak dira, milaka gauza pentsatzen dituzu. Onena baina, hauxe: oinetako minak atzean utzita, sentsazio horiek guztiak gogoratu ahal izatea.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather