BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

mendi-lasterketak ultrak

Cavalls del Vent

"Ederra asteburua, hanketako mina ahazten laguntzen duen horietakoa."
Cavalls del Vent 2013
Cavalls del Vent 2013 / Angel Enguita - Outdoor Photo

Aurten bai, aurten Cavalls del Vent ultra-traileko leku paregabeez gozatzeko aukera izango genuen. Eguraldi aparta zegoen iragarrita!!! Ongi!!! Hori guztia jakin arren, beharko genuen materialaren zerrenda luzea zen. Ondorio gogorrak ekarriko zituen gero zerrenda horrek, jende asko kanporatu baitzuten materialarengatik. Baina aurreko urtean zer gertatu zen ikusita, aldatu eta kontrolatu beharreko zerbait zela iruditzen zait.

Zalantza askorekin baina gogo handiz joan nintzen hara, aurten ere Zegamako lagun-taldea lagun nuela. Nola bestela?

Bagara iritsi ginenerako prentsaurrekoa pasata zegoen. Giroa eta jendearen urduritasuna nabaritzen hasi ginen. Dortsala jaso, jendea agurtu… hurrengo egunerako materiala eta anoa postuak (Marc eta Pol Rafols ikusiko nituen hiru lekutan) prestatu orduko 22:00 inguru ziren. Berriro ere berandu ohera!!!

Goizean goiz jaiki eta 07:00etarako irteera lekura. A ze giroa!!! Primerakoa!! Mila korrikalari inguru Cavallseko ibilbideaz eta giroaz disfrutatzeko gogoz. Luis Alberto, Miguel, Javi, Zigor, Nuria… denak inguruan irteera emateko desiatzen. "El último mohicano" filmaren abestiarekin eman zitzaion irteera. Ikaragarria da Bagako plazan une horretan zer bizitzen den!!!

Hasierako kilometroetan mutil askok aurreratu ninduten, eneee!!! Asko falta da, zer presa izango dute? Lehenengo kilometroetan elkartu nintzen Nuriarekin. Ni makilekin nindoan eta hasieran maldan gora nik jarri nuen erritmoa. Banekien, eta espero nuen, bera kontrolatzen zihoala eta aldapan behera aurrea hartuko zidala. Pentsatu eta egin ere. Baina nahiko ongi eusten nion bere atzean. Niu d´Aligako aterpetxeraino oso gustora nindoan, Nuria atzetik neraman eta jende asko zegoen animatzen. Bera etxean ari zen korrika eta gehienen oihuak berarentzat ziren. Zegama-Aizkorri maratoia gogorarazi zidan. Egun paregabea, jendea korrikalariak animatzen etengabe, Pedraforca urrutian ikusten dela… Zoragarria!!!

Aterpetxetik Nuria atera zen lehenbizi eta ni bere erritmoari eusten saiatu nintzen beheraka, baita lortu ere. Neure buruari behin eta berriz esan nion bera kontrolatzen ari zela baina konfiantza handia ematen zidan berarekin joateak. Oso gustura nindoan eta primeran ari nintzen pasatzen. Serrateko anoa-postuan aurretik jarri nintzen. Urduritzen hasi zela ikusi nuen, ene!!! Nahiko argi neukan punturen batean atzean utziko ninduela baina pozgarria eta dibertigarria zen horrela joatea. Zigor Iturrieta harrapatu genuen eta kilometro batzuk elkarrekin egin genituen. Bellver baino lehen bitan geratu behar izan nuen eta Nuriak 30 segundoko tartea egin zuen bion artean. Kostata atera nintzen herritik. Nuria dezente urrundu zitzaidan. Orduan hasi zen lasterketaren bigarren zatia. 40. kilometroa zen eta kosta egiten zitzaidan pistatik gora korrika joatea. Cortalsera iritsi eta 17:00etatik aurrera beharrezkoa izango zen materiala hartu nuen. Ez nintzen ausartu ondorengo anoa-postuetan hartzen, zalantzak nituelako 17:00ak baino lehen iritsiko ote nintzen (gero askoz ere urrutiago iritsi nintzen). Zerbait jan eta aurrera, Nuria nahiko urruti zegoen jada. Kostatu egin zitzaidan Prat de Aguilora iristea, baina jaitsieran berreskuratu eta gogotsu nengoen Gossolanseko igoerarako. 30 minututik jaistea da helburua! Egun batzuk lehenago Depa, nire entrenatzailea, buelta osoa emanda denbora horretan ibili baitzen. Indartsu nindoan berriro eta denbora jaistea lortu nuen. Felipe Artigue harrapatu nuen goian, makal zihoan baina gero buelta emango zion.

Jaitsieran gustura nindoan, Nuria urruti zegoen eta ahaztu egin nuen. Helburua gustura bukatzea zen jada. Ez dakit hirugarrena non zetorren, 83. kilometroraino ez nuen horretan pentsatu. Sant Martira jaisten beste estualdi bat pasatu nuen. Aurreko anoa-postuan edan eta jandakoak tripak nahasi zizkidan. Bukatzeko gogoz nindoan. Eskerrak lagunak han zeuden: Arnau, Alba, Marc... Berriro begiratu nuen behar zen material guztia neukan. Dena zegoen. Nirekin zihoan mutilak zer behar zen galdetu zidan: ez zeraman ez mallarik ez mahuka luzedun kamisetarik! Aurrez hainbat aldiz abisatu ziguten hori guztia eskatuko zutela eta helmugan ere hala egin zuten. Korrikalari dezente utzi zituzten lasterketatik kanpo horregatik. Erabaki zailak. Ez gaude ohituta materiala kontrolatzera, baina arauetan hala jasotzen bada, badakigu zer dagoen. Nik neuk ostiralean bertan galdetu nik neraman materiala egokia zen edo ez, baita behar zen guztia aldatu ere. Norberak ikusiko du nola interpretatzen dituen arauak eta zer arrisku hartzen dituen.

17 km falta zirela azken igoerari ekin nion, goraino katalan batekin. Luze egin zitzaidan Sant Jordira igoera. Oso leku polita da baina oroimen txarrak nituen lehengo urtetik. Aurten, ordea, berreskuratzeko baliagarria izan zitzaidan, erritmoa ere ez genuen oso bizia eraman.

Azken jaitsierari gogoz ekin nion, aurten dena egun argiz egingo nuen eta Bagara buruko argirik erabili gabe iritsiko nintzen. Pozik nindoan, irribarrez ere bai batzuetan!!! Hainbeste zalantzaren ondoren beste ultra trail bat bukatuta, sentsazio onekin gainera. Animatu eta hara joatera "bultzatu" nindutenekin gogoratu nintzen: Saül, Depa, Angel, Aitor, Ainhoa, Biel, Javi… Eskerrak ematea besterik ez neukan buruan. Marc Rafols zain neukan herriaren sarreran. Poz ikaragarria!!! Hunkituta zegoen eta halakoetan sentimendu hori beti kutsatzen da. Eskerrik asko Marc! Helmugan jende ugari, zer polita den momentu horiek bizitzea, helburua lortuta, helmugara iristen zarenean. Eta nola ez, Depa mikroarekin, nire zain. Mila esker, zuk ireki zenizkidan ultren ateak eta begira zer lortu dugun elkarrekin!!!
Berezia izan zen momentua, oso berezia. Lagun askori eman behar dizkiet eskerrak. Egun horretan bertan III. Esteribar Raid-a nire ordez antolatzen geratu zirenei, haien laguntzarik gabe ezingo nintzen Bagan egon. Marc eta Pol Rafols, Maria Azkona, Alba, Arnau Julia… lasterketan zehar lau puntutan emandako laguntzarengatik. Biel Rafolsi ultrara joatera animatzeagatik. Eta nola ez, Saül eta Depari nigan izandako konfiantzarengatik eta hainbeste animatzeagatik.

Handik aurrera, han zeuden guztiekin gozatzea egokitu zen: Javi eta Felipe, zegamatarrak, bildu ginen euskaldunak… goxo joan zen gaua eta goxo goiza sari banaketan. Ederra asteburua, hanketako mina ahazten laguntzen duen horietakoa.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather