BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Hilarriak mendian

"Kanposantu bihurtutako mendi gainak"

Gari Goikoetxea kazetariak Hernio inguruko udalek tontorretik hilarriak kentzea erabaki dutela eta Gipuzkoako Aldundia antzeko zerbait egitea aztertzen ari dela azaldu du aste honetan BERRIAn argitaratu duen errepotaje batean.
Gurutzeak, hildakoen izen-abizen eta guzti, Hernioko gainean. /
Gurutzeak, hildakoen izen-abizen eta guzti, Hernioko gainean. / / BERRIA

"Azken urteetan lekuz kanpo hazten ari da kontua. Mendia kanposantu irudia hartzen ari da". Gregorio Iraola mintzo da, Albizturko alkatea (Gipuzkoa), Hernio mendiari buruz, Goikoetxearen erreportajean. Ez da kontu erraza, ezta aztertzen hasteko ere. Iritziak asko dira, alde eta kontra, BERRIA.INFOk aste honetan abiatu duen inkestan irakurri daitekeen moduan. Aitortu behar da, ordea, gehiago korapilatu baino lehen konponbide bat aurkitzea beharrezkoa dela. Onartuko al genuke hori bera hilarriak hondartzatan jarriko bagenitu?

Gertukoak ditugu hildakoak, barru-barrukoak, eta euren memoria gurea da. Hurkoen errautsak mendian botatzea, lore sorta bat eskaintzea edo hilarri bat jartzea memoria horren omenezko keinu bat da, eta errespetu osoa merezi du. Egia da, baina, errautsak eta loreak haizeak eramaten dituela, eta hilarriak han geratzen direla, bat bestearen ondoan. Modu horretan, hain intimoa den gauza bat, publiko bilakatzen da, eta ugaritu ahala, mendiaren itxura ere alda dezake.

Herniotik hildakoen omenez jarritako gurutzeak kentzea erabaki dute, eta senideekin ari dira harremanetan horretarako. Heriotza eta memoria gauza pribatua izan arren, arazoa orokorra da. Urtebete jarri diete sendiei gurutzeak Herniotik kentzeko. "Batzuek hobeto, besteek okerrago, baina gehienek onartu eta ulertu dute erabakia. Arrazoizkoa dela diote". Iraungo luketen ikur bakarrak partikularrak ez direnak izango lirateke.

Gipuzkoako Aldundia ere arazoa aztertzen ari da, "mantsoago", Goikoetxearen erreportajean ageri denez. Erreportajearen amaieran aipatzen da hilarrien ordez zuhaitzak landatzeko aukera, eta irtenbide egokia izan daiteke, bai hildakoen memoria gordetzeko, baita mendiaren izaera naturala mantentzeko. Azken batean, galdera bat datorkit niri burura: nola nahi nuke nik nire memoria gordetzea hildakoa ni banintz? Ez dut zalantzarik.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather