BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Alpeak

Zinalrothorn

Bere 4221 metroekin, Alpe Peninoetan dagoen mendi pikotx honek balkoi paregabea du Weisshorn edo Cervino bezalako mendiak begiztatzeko.
Zinalrothorn eta Weisshorn
Zinalrothorn eta Weisshorn / Unai Estala

Zinaleko adar gorria, horrelaxe deitzen diote mendi pikotx honi. Bere 4200 metro pasatxok balkoi ederra eskaintzen digute Matterhorn, Weisshorn eta Ober Gabelhorn-en ipar aurpegi beldurgarria begiztatzeko. Dudarik gabe, Alpeetan dagoen mendi bertikalenetakoa da. Baina, hala ere, fama handiegirik ez du. Nolatan bada?

Arrazoia bere inguruan aurkitu dezakegu. Bisitari orok lehen aldiz begiak Cervino mendian jartzen ditu, Alpeetako mendi ospetsuenean. Baina "celebrity"-ak edonon daude. Mendi Arroxa, Dent Blanche eta Weisshorn inguruan ditu itzal eginez. Eta zailtasuna eta teknika bilatzen duen edonork, Cervino eta Ober Gabelhorn-eko ipar aurpegietara jo dezake. Baina, mendi hau testuinguru honetatik aterako bagenu, dudarik ez izan, bere punta estua jende askoren amets eta helburu izango litzatekeela.

1864-an igo zen lehen aldiz Zinalrothorn. Balentriaren protagonistak Leslie Stephen eta Florence Crauford Grove izan ziren, Jakob Anderegg eta Melchior Anderegg gidariek lagundurik. AD zailtasuna du eta Binerplatten dauka pausu zailena, III+ gradukoa. Orokorrean eskalada mixtoa eta I, II zein III-ko pausuak gainditu beharko ditugu.

Alpeetara Cervino igotzeko helburuarekin joan ginen eta praktikatzat hartu nahi genuen mendi honek emandako esperientzia. Horrez gain, aklimatazio prozesuan ezin hobeto lagundu zigun. Ez genuen Alpeetatako espedizioa arrakastatzat joko Cervino gainditzen ez bagenuen, baina tontor hau zapaldu bezain pronto konturatu ginen Alpeetako bidaiak jada zentzua hartu zuela. Hure ez zen edozein mendi, hura Zinaleko adar gorria zen. Adar estua. Adar pikotxa. Deabruaren adarra. Kolore gorriduna.

Informazio gehiago

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather