Mendi duatloiak
2013-10-11 / Amaia Luquin
90 partaide inguru atera ginen, euritan baino lehorrean ederragoa den zirkuitu bat ahalik eta azkarren amaitzeko prest. Hori, ordea, ez zen horren azkar etorri.
https://lh5.googleusercontent.com/-mYx_ccOBDpI/UlfGWycyVKI/AAAAAAAAAks/23sio8cOHvQ/s284-p/Arriaran+irteera.jpg
4km-ko saioarekin hasi ginen korrika. Laster sumatu nituen oraindik gainean ditudan 2 kiloak. Neure erritmotik aldendu gabe, txirrindako sektorera iritsi ginen. 6,7km-ko bi buelta genituen aurretik, eta zirkuituko lurrak euriarekin bat nahasketa interesgarria zuten opari gisa guretzat. Hori gutxi ez eta, 90 lagunen txirrinda-gurpil eta oinetakoak bi aldiz igarota, zati asko oinezko birhurtu ziren. Orduan hasi zen benetako festa!!
https://lh6.googleusercontent.com/-DO96UH3vw6Y/UlfGWwyfKaI/AAAAAAAAAko/ZYgiIb8Ee7U/s141-p/Boxeetik+ateratzen+btt.jpg
Kaskoa jantzi, korrikako zapatilak txirrindakoengatik aldatu eta pedalei eragitera! Indarrak oraindik firme eta burua prest zetorrenari aurre egiteko. Eta iritsi zen dantza! Txirrindatik jaitsi, txirrindara igo, txirrindatik erori eta txirrindatik bota. Txirrinda lokatz artean gidatu, eta txirrindarekin irristean ibili. Denetarik izan genuen. Dantzaldiko irudiak nahi badituzue, You Tuben sartu "Arriarango Duatloia 2013", eta gogotik egingo duzue barre.
Eta horrelaxe hartu nuen nik ere. Desesperatu gabe, behar zenean txirrindari bultza egin eta ahal zenean pedalei indarrez eman. Halaxe egin genituen 13 km-ak. Indarrez larri eta Saioaren itzala gainean neukala, berriz ere boxeetan korrika egiteko zapatilak jantzi eta azken bi kilometroak korritzera atera nintzen. Hankak gogortuta eta aldaketa honen entrenamendu falta izan nituen lagun azken kilometroetan, eta horrelaxe iritsi nintzen helmugara. Lokaztuta, lehertuta eta pozez beterik.