BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Alpeak

Cervino / Matterhorn

Istorio ikaragarriak eta beldurgarriak, kondairak eta balentriak kontatzen dira Alpeetako erraldoi honetaz. Dudarik gabe, alpinismoaren historiako pasarte garrantzitsuenetakoak bizi izan dira bertan. Guk geurea bizi nahi izan genuen.
Cervino / Matterhorn
Cervino / Matterhorn / Unai Estala

Oker ez banago, 1974. urtean, oraintxe buruan ez dudan hilabeteren batean, Luis Alejosek Cervinori buruzko erreportai bai idatzi zuen. Ni oraindik jaio gabe nintzen, baina orain dela denbora gutxi Alpinista handia izan den lagun on batek garai hartako aldizkariari hautsa kendu zion. Mota guztietako igoerak burutu arren, beti geratuko da mendi hau igo ezaren penaz. Alejosek bertan kontatzen zuen istorioaz txunditurik geratu nintzen. Mendi hura igotzeko gogoak piztu zitzaizkidan bat-batean. Eta halaxe, bere famaren nondik norakoak ikertzen hasi nintzen jakinmin handiz.

Edward Whymper izan zen Cervinoren tontorrean oina jarri zuen lehen gizasemea. Bere hilarrian hitz hauek irakurri daitezke: "Eskalatu nahi baduzue, baina gogoan izan indarra eta ausardia ez direla ezer zuhurtasunik gabe eta momentuko arduragabekeria batek bizi osoko zoriontasuna pikutara bota dezakela. Ez presarik izan, aztertu ondo pausu bakoitza eta buruan izan momento bakan bakoitza azkena izan daitekeela." Baliteke mendi hontan bizitakoak hitz hauetan eragina eduki izana, 4 soka lagun hil baitzitzaizkion beherako bidean. Alpinismoaren urrezko egunen amaiera izan zela diote.

150 bat urte beranduago, gure txanda izan da. Alejosen artikulua eskuan, bide normaletik igotzea erabaki genuen. Hörnli ertzetik, hain zuzen ere.

Baina ez zen irakurri genuen kronika bakarra izan: Aterpetxera igo baino egun bat lehenago, hamaika blog-etan sartu ginen, istorio bakoitza nor baino nor beldurgarriagoa zelarik. Bidea, pausuz pausu, ondo ikasia genuen. Mendiarekiko errespetua ez genuen inongo momentuan galdu nahi. Baina errespetuaz gain, beldurra ere igo genuen bizkarrean egun hartan.

Urduritasunaren erruz oso gutxi lo egin nuen. Baina iratzargailuak jo bezain pronto, duda guztiak baztertu nituen. Ez genuen denborarik galdu nahi. Mendian gora zijoazten gida-bezero bikoteen arrastoa ez genuen galdu nahi, igoeraren zailtasun handiena bide egokia ez hartzea baita.

Minutuak pasa ahala, erosoago sentitzen ginen. Igoeraz gozatzen ari ginela konturatu ginen. Pausu bakoitzak irribarre bat marrazten zuen nire aurpegian. Cervino handiak bere gainean nahi gintuen; bere sorbaldatik gora, azken metroetan ipar aupergia zapalduz, tontorra ikutzea lortu eta bertatik duen ikuspegi ikusgarria erakutsi zigun. Guztira, 5 ordu behar izan genituen.

Eta oso eroso egin genuen jetsieran, Luis Alejosen erreportaiaz gogoratu nintzen. Beraien bizipena testuinguru hartan islatu nahi izan nuen. Blog beldurgarri guzti horiek ahaztu eta mendi honek merezi duen erreportai bat idatzi nahi nuen, Alejosen bizipenaren 40. urteurrenean.

Informazio gehiago

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather