BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

mendiko-lasterketak

Euskal Selekzioko neskak bikain, 2013an

Emaitza ederrak, Espainiako txapelketan eta Munduko Kopan
/

2013ko urtea ez du inolaz ere ahaztuko Eneko Aliende Euskal Selekzioko hautatzaileak. Bere gidaritzapean ibili diren neskek egin duten urtea ez baita nolanahikoa izan. Euskal Herriko lasterketez harago, Munduko eta Espainiako Kopan eta txapelketan (taldeka 2.) egin duten lana goraipatzekoa izan da zinez. Hona hemen bakoitzaren analisi txiki bat:

-Elena Calvillo: Badirudi urteak ez direla alferrik pasatzen beasaindarrarentzat. Espainiako Kopa irabazi berri du beteranoen kategorian; Espainiako Txapelketan, berriz, bigarren postua lortu zuen Vilallerren. Zurrumurruek diote, 2014rako, ultretako distantzia probatu nahi duela. Ikusiko ote dugu bere herriko EHUN MILAK lasterketan? Baiezkoan nago. ERREGULARTASUNA.

-Nerea Amilibia: Zer esan liteke aiarrari buruz, Espainiako txapelketa beteranoen mailan irabazi eta gero? Ezer gutxi. Horrezaz gainera, Espainiako Kopa ere bigarren postu bikainean amaitu du. Urtero egin ohi dituen lasterketa batzuk ere irabazi ditu. Lortuko ote ditu azkenean 100 txapelak? Gauzak asko okertu ezean, ziur datorren urtean lortuko dituela. ESPERIENTZIA.

-Aitziber Ibarbia: Denboraldia bikain hasi ostean, Aitziberrek segida ederra eman dio urteko bigarren seihilekoari. Espainiako Kopan 2., Txapelketan 8., eta Mundukoan 9. egin ostean, Euskal Selekzioko neskarik erregularrena izan dela esan dezakegu. Seguru nago 2014an Zegamarekin daukan arantza aterako duela. Urtea amaitzeko, duatloietan ere bi lasterketa irabazi ditu. HORI DA KASTA!

-Maite Maiora: Nahiz eta Euskal Selekzioarekin lasterketa bat besterik ez egin, oso maila altua erakutsi zuen. Euskal Herriko lasterketa asko irabazteaz gain (denera 8), Espainiako Txapelketan (2.) eta Europako Txapelketan (4.) ere, bikain ibili da mendaroarra. Zegaman ere lasterketa ederra egin zuen (5.) eta bera izan zen lehen emakumezko euskalduna. 2014an ultra-trailean debuta egingo du (Transvulcania), eta ziur nago maila ona emango duela. Emaitzei begira, bera da 2013ko euskal neskarik onena. BIKAIN.

-Silvia Trigueros: Abadiñarrak ere lasterketa bat besterik egin ez duen arren (Espainiako Txapelketan 24.), garaipen ederrak lortu ditu ultren distantzian. Bi urte besterik ez daramatza, baina G2Hko garaipena eta Chamonix-eko UTMB-eko 5. postua ez ditu denbora batean ahaztuko. 2014an 166 kmko bi lasterketa egin omen nahi ditu. Hau ere ikusiko al dugu EHUN MILAK proban? Ziur baietz. 2013KO SORPRESA.

-Leire Agirrezabala: Ekainera arte gutxik ezagutzen genuen arren ibartarra, Leitzan EH Mendi Erronka irabazi ondotik zeresan ugari eman du. Espainiako Kopan txapeldun, Zumaian eta La Sagran garaile, Txapelketan 6. eta Euskadiko Txapelketan (Gorbeia Suzien) garaile. 2014a ultra lasterketa batekin (Transgrancanaria) hasiko du honek ere. ORAINA ETA ETORKIZUNA.

Unai Ugartemendia.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather