BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

mendi-lasterketak

Urte oparoa Euskal Selekzioko mutilentzat

2013an maila igotzea lortu dute Eneko Alienderen mutilek.
/

Lehengo astean Euskal Selekzioko nesken balorazioa egin genuen; gaurkoan mutilekin gatoz. Denboraldi bikaina osatu dute hauek ere. Espainiako txapelketa taldeka irabazi eta gero, mundukoan ere bikain aritu dira Eneko Alienderen mutilak. Egon diren tokietan agerian utzi dute haien kalitatea. Hona, bakoitzaren balorazio orokor bat.

-FERNANDO ETXEGARAI: Selekzioko beteranoena da beratarra. Nahiz eta taldearekin Espainiako txapelketa (25.) eta Zegama (21.) besterik ez dituen egin, nahiko maila txukunean ibili dela esan dezakegu. ESPERIENTZIA.

-JOKIN LIZEAGA: Maila bikaina Jokinek. Bigarren urtez jarraian bera izan da lehen euskalduna Zegama-Aizkorriko lasterketan. Munduko Kopan ere bosgarren izan da, besteak beste AEBetan (7.) egindako lasterketa bikainarekin. Euskal Herrian ere, lasterketa batzuk irabazi ditu, besteak beste Urnietako Maratoi-Erdia eta Donostia-Hondarribi. Sasoian dagoenean, aurkari gutxi dituen horietakoa da urnietarra. BIKAIN.

-OIER ARIZNABARRETA: Denboraldia ederki hasi zuen arren, urtearen erdialdean itzaltzen joan zen durangarra, baina urte amaieran berriro ere nahiko sasoi onean ikusi genuen. 20 kmko lasterketetan oso gutxik irabaziko dioten arren, handik gorako lasterketak luze egiten zaizkio. Hala ere ezin ahaztu Zegama-Aizkorrin, Otzaurteko gainean Kilian Jornet eta Marco Di Gasperi handien aurrean eman zuen ikuskizuna. IKUSKIZUNA.

-HASSAN AIT CHAOU: Inoiz gutxitan huts egiten duten horietakoa da Hassan. Emaitza onak izan ditu oro har. Goraipatzekoak, Zegaman lortutako 8. postua, Munduko Kopako 6. postu orokorra eta Espainiako Kopan lortutako 7. postu orokorra. Selekzio baterako, beti ere beharrezkoak dira bera bezalako pertsonak. Oso estimatua selekziokideen artean. HUMILTASUNA.

-IMANOL GOÑI: Berarengandik beti gehiago espero dugun arren, ezin esan denboraldi eskasa egin duenik. Zegaman lortutako 15. postuak, Munduko Kopan lortutako 11. postu orokorrak eta Euskal Kopa irabazi ostean, ez digu bestelakorik esaten uzten. Kalitatea soberan duen korrikalaria izaki, datozen urteetarako badugu berarekin esperantza. KALITATEA.

-ARITZ EGEA: Zer esan Aritzen denboraldiari buruz! Urteko sorpresa atsegina urretxuarrarena. Luzeera ezberdinetara ederki egokitu da, eta joan den lekuetan agerian utzi du bere maila. Goraipatzekoak Espainiako Txapelketan, Kopan eta Munduko Kopan lortutako 4. postuak. Zegaman ere maila ederra eman zuen eta 10. postu bikainean sartu zen. Euskal Herriko korrikalarien artean etorkizun handiena berak duela agerian utzi du. Inork duten autoexijentzia horrek maila altuetara eramango du. ETORKIZUNA.

-IBAN LETAMENDI: Mendiko iraupen eskitik etorritako oñatiarra izan da selekzioan sartu den azkena. Denboraldi hasierako maila onak Larraulgo lasterketa irabaztera eraman zuen. Azken momentuan Zegamarako dortsala eskuratu eta lasterketa bikaina eginda (6. euskalduna) selekziorako txartela eskuratu zuen. Espainiako txapelketan ederki ibi zen (7.) eta Munduko Kopako 13. postu orokorrak, bere lehen urtea biribildu du. EREDUGARRIA.

Unai Ugartemendia.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather