BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Urtea eskiatzen amaitu eta bi ikasgai urte berrirako

Urteko azken egunetan bi gauza ikasi ditut. Lagunak egiteko bakarrik ibiltzen ikasi behar dela eta 60 urtera sasoian iritsi nahi duenak iraupen eskia praktikatzen hasi behar lukeela gaur bertan. Punto.
Gailurreko unetxoak I. A.rekin.
Gailurreko unetxoak I. A.rekin. / G. A.

Teoria hau baieztatu didan bost edo seigarren gizonezkoa ezagutu dut joan den astean. Nire ikerketa lan sakonaren ondorioz esan dezaket iraupen eskia urte askoz egin dutenei sasoiak goian irauten diela eta umorea hobetuz dohakiela.

Ez dut ordea, iraupen eskia egiten ezagutu ia-60 urteko gizonezko hau. Mendiko eskian baizik. Duela lau urte hasi zen J. trabesia egiten eta 60 urte bete aurretik jauzi gabe jeisten ikastea espero du. Sasoia eta umorea.

Abenduaren 26tik 31ra eskiatzen ibili nintzen frantziar pirineoetan. Oinarrizko kanpamendu moduan Luz-St. Sauveur hartu eta egunero Luz, Gavarnie eta Bareges inguruetan eskiatu nuen. Bakarrik joan nintzen baina egun bakarrean eskiatu nuen bakarrik, eguraldi txarra zegoenean. Beste guztietan batetik edo bestetik egunerako kideak topatu nituen. "Euskal Herria" hitzak eta Ikurrina daramatzan mallak soinean izateak zerikusia izango zuen lagunak topatzearekin noski. Baita neraman aldarteak ere, jende berria ezagutzeko gogoz irten bainintzen.

Askotariko jendea topatu dut modu anitzetan bizi dutenak mendia eta eskia. Batetik A., lagunak estazioan gora eta behera ziztu bizian dabiltzan bitartean kirola egitearren estazioan bertan "fokeatzen" duena. Bestetik F. mendira hogei kideko taldean bazkari eta guzti (ardoa ere bai ziurrenik) irteten den frantsesa. Eta azkenik, adin guztietariko euskal gizonezko taldea herrian topatzen joan diren moduan osatutakoa.

Azken honetan zen nire ikerketa partikularreko azken lakina. Eibartarrak ziren ia denak eta eski garaian Luzen bizi eta lan egiten duen G. mendi gidaria zuten ibilbidea markatzen. Taldeko bat aurreko irteera batean koinziditzetik ezagutzen nuen, nahiz eta elkarren izenik gogoratu ez. Hitzaspertuak eta aurkezpenak egin ondoren, M., J., Z., eta G.k beraiekin joatera gonbidatu ninduten. Baregesetik gertu dagoen Barbe mendiruntz joan ginen. Oso ibilbide polita eta konpainia ere bikaina. Elurra ere primerakoa eta eguraldia lagun, damu bakarra amaitu beharra izan genuen. Hurrengo baterako zenbakiak hartu ondoren agurtu ginen.

Ia denek etxera itzultzi behar zuten egunean bertan eta bazkal ordurako kotxean ginen. Bazkal ondoren eski gosea hasetu ezinik eguna betetzearren Tourmalet lepora igo nintzen. Estazioan, ehundaka eskiatzaileren artean "fokeatzea" benetan desatsegina dela ikusteko balio izan zidan honek, baina baita pistaz kanpoko beste jeitsiera bikain bat egiteko ere! Ja-ja!

Arratsaldean, afarirako ogia eta abar erosten nenbilela G. topatu nuen kalean. Gau hartan bertan anaia zetorkiola eta hurrengo egunean beraiekin eskiatzeko erdi-gonbitea luzatu zidan. Nik enbidoari eutsi eta hala, 31 goizean Bath de Barrere bailaran gora eta Crete de la Pegue tontorrera igo ginen G., I. eta hirurok. Gailurreko poza, argakiak eta beheranzkoa planeatu ondoren han geratzeko aitzakiak amaitu zitzaizkigunean eskiak lotu eta behera. Jeitsieraren lehen zatia tekniko samarra izan zen baina ondo menderatu genuen hirurok. Lepotik beherakoa berriz urteko jeitsierarik ederrena izan zen niretzat zalantza izpirik gabe.

2013a eskiatzen hasi nuen eta eskiatzen amaitu dut. Mendiko eskian gertatzen den moduan gora behera asko izan ditu urteak baina balantzea positiboa izan da. Eta kirol honetan gertatzen den moduan, zaila da esaten non egon nahiago dudan. Behean gaudenean, kotxetik irten eta eskiak jantzi aurretik dena egiteke dago. Esfortzuaren emaitza ona izan daitekeenaren esperantzak bultzatzen gaitu mendian gora, hotz, pereza edo nekeari aurre eginez. Mendi tontorrean gaudenean berriz, paisaiaren edertasuna eta inguruko bakea gure egiten ditugu. Egindako lanaren sari. Luzatu nahiko genuke une hori baina bereala jabetzen gara jetsi beharra dugula, ezin gailurrean betirako geratu. Zorionez jeitsierak gozatzen ikasi dugu eta hauek ere gustora hartzen ditugu eskiak kendu arteko tarte guztiak aprobetxatuz. Halaber, jeitsiera amaitzean gozamena ere eteten dela jakiteak jiro, salto eta buelta oro atentzio bereziz hartzera bultzatzen gaitu. Hare eta gehiago, jeitsiera hori ~elur, eguraldi, argi, sasoi, indar, aldarte, e.a horiekin~ sekula errepikatuko ez denaren konzientziak minutu gutxi irauten duen tarte hori kamera geldoan balitz bezala biziarazten digu. (Esango nuke nire memorian, jeitsierek igoerek adina leku edo agian gehiago hartzen dutela, errealitatean denboraren laurden batera ere iristen ez badira ere.)

Amaitu eta lagunekin batzean, edo eskiak askatzean bizitza betikora itzultzen da, betiko abiada, betiko erritmoa, betiko gora beherak. Beste behin plazerra bilatu nahi izanez gero berriro goranzko lanari ekin beharko diogu. Edo betiko bizitza hori ere errepikatuko ez diren jira-bueltez betea datorrela ikusten ikasi beharko dugu, eguneroko bizitzaren jiro, salto eta buelta bakoitza disfrutatzen jakin, detaileetan kamera geldoaren prezisioz fijatzen ikasi eta aurkezten zaizkigun sariak gureganatzeko gaitasuna landuz.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather