BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Txindokira, Txema bidetik (V+/Ao)

Txindoki gure Cervino da eta bertara igotzeko hainbat bide ireki dira azken urte hauetan. Eskalada bide guzti hauetan klasikoena, Txema bidea deritzona da.
Txema bidea
Txema bidea / Unai Estala

1971. urtean ireki zuten bide hau Angel Fernández eta Valentín Muñoz-ek. 40 urte baino gehiagoko bide hau ekipatua dago, baina luze batzuetan paraboltak noizean behin ikusten dira soilik. Hau dela eta, komeni da zinta edo fisurero joku bat eramatea bada ezpada ere. Hala eta guztiz ere, pausurik gogorrenak ondo ekipatuak daude.

Atzo bertan animatu ginen txindokiren magalera igotzen, kontuan izan gabe bertan aurkitu behar genuen haize bortitza. Aldapa gora zaila egiten zitzaigun bi pausu jarraian ematea, haizeak alde batera bultz egiten baitzigun. Gauzak honela, duda mudatan hasi ginen ea egunik aproposena zen eskalatzen hasteko.

Hala ere, hormak haizearengandik babesten zigun eta bertara iritsi ginenean, launtasunez igurtzitzen zizkigun masaiak aurreko bortizkeriarekin alderatuz. Baina hotz egiten zuen. Ordu eta hamar minutuko aproximazio gogorra egin arren, hotz iritsi ginen. Hatzek ez zuten harroka sentitzen. Berotasunean sartu beharrean geuden, esku hilekin eskalatzea ez baita oso gomendagarria.

Momentu horretan, eguzkiak kaixo esan zigun. Izkin batetik azaldu zen guri berotzeko gogoz. Eta nabaritzen hasi ginen. Hala ere, harroka hotz zegoen.

Gurutze bat dago Txema bidearen azpian. Hemendik gora eginez, oinarrizko bilkunearekin topatuko gara, plaka baten ondoan. Hauxe da ba, bidearen hasiera.

L1 (V, 25m): Igotzen ari nintzen bitartean, nire buruarekiko ea benetan V-eko pausua zen galdetzen nuen. Eskuak hotz nituelako izango zen agian; baliteke hatzetan sentipenik ez nuelako izatea. Baina paretari itsatsita igo eta fedezko pausu bat edo beste eman behar den luze honetan uste baino gehiago estutu behar izan nuen.

L2 (IV, 20m): Gauzak lasaiago jarraitu zuten. Fisura batetik gora igotzen da ezkerrerako norabidearekin. Hurrengo bilkura baino lehen, tripatxo txiki bat dago, baina helduleku paregabeak ditu oztopoa gainditzeko.

L3 (V+, 30m): Lehen 8 metroak errez igotzen dira. Desplomea iristen den unean hasten dira gauzak zailtzen. Zailtasun handiena desplomea izango zelakoan nengoen, baina hemendik gora heldulekuak gutxitzen hasten dira. Plaka hau saihestu daiteke ezkerreko belargunetik igoz (IV+) edo zailtasuna areagotu dezakegu eskuinerago dagoen plaka batetik gora (6a). Gu erditik igo ginen, V+ plakatik. Bilkunera iritsi baino lehen, fisura batetik gora egiten da eskilarak bailiran.

L4 (IV-, 25m): Zimurrez jositako plaka batetik gora egiten dugu eta bertikaltasuna galtzen joaten da igo ahala. Ondoren, lotsagabe eskuinerantz jotzen dugu harrokan irteten den triparen azpitik. Halako batean, bilkunea ikuskatzea lortzen dugu.

L5: (V+/Ao, 20m): Luze zailena, dudarik gabe. Diedroa zoragarria da, baina asko estutu behar da ateratzeko. Luze honetan, bilkunetik ezkerretara hasiko gara. tripa gaindituz. Ondoren, plaka leuna gurutzatuko dugu eskuinetik ezkerrera (IV+). Hemendik gora hasten dira komeriak, desplome txiki bat duelarik. Hala eta guztiz ere, oso ondo ekipatuta dagoenez, Ao-n atera daiteke. Indarra eta teknika beharko dugu oztopoa gainditzeko. Baina behin goran, egindako igoeraren sentsazioa zoragarria da. Txindokiren historiaren parte den bide hau igo eta gozatzea lortu dugu!

Informazio gehiago

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather