BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

mendiko lasterketak

GR10 Xtrem 2014

93km, 3800mD+. 10:48, Lehenengo neska eta lehenengo bikote mixtoa Aitor Ayalarekin
GR10Xtreme 2014
GR10Xtreme 2014 / Silvia Trigueros

Urteko lehen lasterketa izanik oso motibatuta nago: RACE LAND taldean sartu berria naiz eta ondo egin nahi ditut gauzak. Iaz hirugarren egin nuen nesketan eta postua hobetu nahi dut. Gainera nire bikotekide Aitor indartsu eta gogo handiz doa. Horrela joan ginen ostiralean Puzolera (Valentzia), gerra ematera.

Dortsal banaketan iaz egindako lagun batzuekin elkartu ginen, Julen eta Eneko santurtziarrak, Adolf Castellokoa eta mugalari batzuekin. Argazki batzuk atera, apur bat hitz egin eta zuzenean furgonetara gauzak prestatzera eta lasaitzen saiatzera.

Goizeko 04:30ean jo du iratzargailuak. Kosta egin zait zakutik ateratzea, oso lo gutxi egin dut eta.

Berriro euskadunak elkartu gara, elkarri zorte ona eman eta nor bere lasterketara.

Aitor eta biok aurrean atera gara, nahi duenak aurrera gaitzala, guk gure erritmoa bilatzen dihardugu. Horren azkar ez joateko esan behar diot tarteka, proba oso luzea delako.

Kilometroak aurrera doaz eta bigarren neskarekiko erreferentziak eman dizkigute: 4,5 minutuko aldea lehenengo 16 kilometroetan. Asko pentsatzen dut, baina gustura noa.

Eguna argitzearekin heldu gara "clavijas" aldera. Oso paraje ederra da. Adolfek eta haren bikotekideak aurreratu egin gaituzte han. Ez dut asko edan eta bikietako mina hasi zait. Hala ere, iaz ikasitakoa ez da izan alferrik eta asko zaindu nahi ditut jan-edanak.

Bakarrik jarraitzen dugu. Oso gutxi hitz egiten dugu gure artean, korrika eta korrika, baina beste korrikalari batzuekin elkartzean elkarrizketak sortzen dira eta bidea errazten digute.

Gatovan, lasterketaren erdian, asko jan dut. Niretzat oso arraroa da horrenbeste jatea, baita janaria horren erraz sartzea ere. Leal anaiak eta Eneko oso hurbil daudela esan digute baina guk gure erritmoan jarraitzen dugu.

Kilometroak aurrera doaz eta guk korrika segitzen dugu, aldapan gora nahiz behera, pista asko baitago. Azken hornidura postuan esan digute bigarren neskarekiko tartea asko txikitu dela eta horrenbestez erritmoa bizitu dugu. Azkenean Adolf, Aitor eta hirurok eskutik helduta iritsi gara helmugara. Eneko atzean geratu da. Iaz bezala lortu dugu helburua, 11 ordu baino gutxiago egin ditugu eta lehen bikote mistoa izan gara.

Podiumaren ostean, Apuko Xtremen ezagutu genuen Marian Bertolo lagunak eraman gaitu furgonetaraino eta itzulerako bide gogorra hasi dugu.

Pozik, oso pozik nago. Orain hurrengo lasterketari begira!

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather