BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

mendi-eskia

Anayet neguan

Neguan igoera alpinoa eskeintzen digun mendia da. Leporaino mendiko eskiaz igotzeko aukera ematen digu eta konplikazio gutxitan sartu nahi izanez gero, bere ertzean amaitu dezakegu txangoa.
Anayet
Anayet / Unai Estala

Anayetek, izatez, sumendia da. Sumendi baten hondakina hobeto esanda. Arroka gorria nabaria da, baita Midi d'Ossaurekin duen antzekotasuna ere, hau ere sumendia izatez. Bere magalean laku zoragarriak aurkituko ditugu, Midirako balkoi paregabea delarik. Neguan, aldiz, eskiaz gozatzeko leku paregabea.

Kotxea Formigaleko Anayeteko parkingean utzi eta Garganta eta Culivillas tontorren artetik hasiko gara igotzen. Ordubete barru, lakuak dauden zelaigunera iritsiko gara. Gure kasuan, dena zuri ikusten dugu. Ez zen Anayeteko tontorrera igotzeko egunik hoberena izan, elur asko baitzegoen.

Lakuak igaro ondoren, Anayeten lepora iristeko 60 bat graduko kanal bat igo behar izan genuen, non hankak belaunetaraino ondoratzen zitzaizkigun. Ordurako eskiak bizkarrean genituen. Hemendik, bi aukera: Anayeteko ertzera joan, eskiekin edo oinez ordu erdian erraz igotzeko moduko bidea; eta, kontrako aldean, Anayeteko tontor nagusia, alpinismorako joku gehiago eskeintzen digularik.

Bigarren aukera hartu genuen, eskiak lepoan utziz. Hemendik, elur ugari eta biderik eginda ez zegoenez, ahal genuen lekutik igo behar izan genuen. Ipar-mendebaldeko aldetik hasi ginen, izotz zatiren bat zeharkatu genuen eta hego aurpegira itzultzeko, kanal txiki eta erraz bat igo genuen. Gure aurretik zati "expuestoa" genuen. Kate batek alde batetik bestera babesten du pausu delikatu hau. Elur plaka arriskutsuak zeudenez, segurtasun neurriak hartu genituen. Katetik aurrera hamildegira begira igo behar ginenez, sokaz lotu eta bidetik seguruak sartzen igotzea erabaki genuen. Azkenik, 45ºko kanal bat igo eta tontorrera heldu ginen.

Mendi honek esperientzia zoragarriak eskeintzen dizkigu: Udan, ibilaldi polita da bere magalean dauden lakuak bisitatu eta Midi d'Ossauren argazki paregabe bat eskuratzeko. Neguan, aldiz, mendi-eskiaz gozatzeko ibilaldi erraza bermatzen digu eta, nahi izanez gero, alpinismo exigentzia minimo bat dugun frogatzea behartuko digu. Eskiz jetsiera polita da, nahiz eta lakuen zelaigunean aldapa askotxorik ez aurkitu.

Informazio gehiago

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather