BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

mendi lasterketak

Urte berria

"Bidez bide aurkituko dugu gure bidea, eta hori bidean egingo dugu."
Leire Agirrezabala
Leire Agirrezabala / Leire Agirrezabala

"Bidez bide aurkituko dugu gure bidea, eta hori bidean egingo dugu. Batzuetan zuzen, beste zenbaitetan oker. Maiz abiada batean, beste zenbaitzutan, ordea, motel. Eta amaieran horixe izango da gurekin eramango dugun bakarra, egindako bidea eta bidean bizi izan duguna."

2014a hasi berri dugu eta ez dakit inork gauza hauetan sinesten ote duen, baina nik lehengoan entzun nuenez, astrologiak dioenez, aurtengoa urte ona izango omen da. Hala izan bedi guztiontzat, behar pixka bat bada eta  bazterretan…

Eta urtea hasi berritan, lehengokoak alde batera utzi eta begi aurrean ditut aurtengo erronka berriak. Egia esan, irrikaz nago lehen erronkarako. Nahiz eta Gabon-jaien ostean pare bat hilabetez mendian korrika egin gabe egon nintzenez, hastea ez den erraza izan. Pare bat asteren ondoren, ordea, gero eta gusturago nago, azken egunetan eguraldia bidelagun izan ez badut ere.

Hala ere, neguak negu behar du eta tira, behingoz, benetako probetxua atera diot Ternuaren Jannu jakari: hotzik ez dut pasatu eta gustura ibili naiz, elur busti, haize hotz, lokatz, putzu eta eguzki izpi artean.

Kanarietako perfila ikusten aritu naiz gaur: 82 km eta 4700 m desnibel metatu. Denboraldia hasteko ez da erronka makala…jeje! Bigarren ultra izango da niretzat, eta halakoetan esperientzia handirik ez dudanez, mila zalantza dauzkat. Elena Calvillo eta biok bakarrik goaz gainera, eta biok aterako garenez lasterketan, ez dugu laguntzarik izango. Ondorioz, ondo prestatu behar dena: zenbat ur eraman, zenbat janari, 38. kilometroko poltsan zer jarri eta azkenik zein zapatilarekin irten. Pasa den astean Salomonek bidali zizkidanen artean zeintzuk aukeratu erabaki ezinik nabil. Hau da hau… egia esan aukera daukagunean aukeratu behar izatea buruhauste bihurtzen da, baina buruhauste atsegina. Nola aldatu diren gauzak zortzi bat hilabete eskasean…

Eta horren guztiaren aurretik, oraindik mendi txango batzuk geratzen zaizkit, eta tartean, Euskaltrail eguna, selekzioaren aurkezpen eguna eta jende artean ongi pasatzeko eguna. Kaldereroak gero, egun handia Tolosan, ihauteriei atea zabaltzeko. Ibartarra naiz, eta ezin ukatu ihauteriak gustatzen zaizkidala. Izan ere, Tolosako ihauteriak ohitura handiz errotutako festa bereziak dira. Tamalez baina, denari ezin heldu, eta igandera arte ez naiz etxean egongo. Eta igandean ere, Tolosan egon arren, ez dakit gai izango naizen txarangaren doinura salto egiteko. Hala ere, entrenamendu polita izango litzateke txarangen atzetik ibiltze jeje! Astelehenean baina ahaleginak egingo ditut,  gogo handiz gainera eta asteartean asteartekoak...

Hurrengoan Kanarietakoak eta txarangarenak kontatuko dizkizuet… bitartean, ondo izan!

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather