BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

mendiko eskia

Panticosa eta Luchon-etik, Altitoyra

Iñigo Lariz Luchoneko podiumean
Iñigo Lariz Luchoneko podiumean / Iñigo Lariz

Aurreko asteburuan Pantikosa trofeoa jokatu zen Huescako eski estazio berean. Proba hau Aragoiko koparako baliogarria izan zen. Aurreko egunetan egindako elurte eta eurien ondorioz probaren luzera moztu beharra izan zuten antolatzaileek. Proba bertikala izanik igoera bakarra egin behar izan genuen. Hasiera batean 900 metrotako igoera iragarrita zegoen baina esandako baldintzen ondorioz 400 metro eskas besterik ez genituen lehiatu.
Partaidetzari dagokionez esan maila altua izan zela bertan, garailea zein izan zen ikusi besterik ez. Mundu mailan mendiko lasterketetan onentsuenetakoa den Luis Alberto Hernando Burgostarrak bereganatu zuen froga senior mailan. Ni hirugarren postuan sailkatu nintzen proban zehar asko sufritu eta gero. Aipamen berezia egin nahiko nuke euskal selekzioko beste partaideen izandako emaitzen inguruan, senior nesketan Nahia Quincocesek lortu zuelako garaipena, junior mutiletan Iñigo Martinez de Albornozek, kadete mutiletan Josu Martin eta kadete nesketan Maialen Uriz nafarrek.

Bestetik, berriki igaro den asteburuan euskal kopako lehen froga puntuagarria jokatu da Bourg d'Ouil frantziar herrixkan, Luchonen. Bakarkako froga izan zen hau, guztira 1700 metrotako desnibel positiboa gaindituz. Aipamen berezia egin nahiko nuke froga honen antolatzaileekiko, baliabide handiegirik izan gabe izugarrizko lasterketak antolatzen dituztelako. Oso ibilbide erakargarria antolatu zuten, hiru igoera eder eta beste horrenbeste jaitsierarekin. Azpimarratzekoa azken igoeran pasa behar izan genuen 200 inguruko korredorea eta ondoren zetorren jaitsiera teknikoa, basoan zehar jaitsi behar izen ginen eta. Horrek elurrak berak jartzen dituen trabei zuhaitzak saihestu beharra gaineratzen dio.

Niretzat eski denboraldiko lehen lasterketa luzea izan da eta ohikoa den bezala, akatsak egitea ez da arraroa izaten horrelakoetan. Larruekin arazoak izan nituen elurra ukitu eta itsasteari utzi zioten eta. Dena den, datorren asteburuan bikoteka jokatuko den Altitoy entzutetsu eta inoiz baino bereziagorako prestaketa bikaina izan zelakoan nago.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather