BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

mendiko lasterketak

Les Fonts 2014

Silvia Trigueros
Silvia Trigueros /

Les Fonts 2014. 120km, hiru etapatan: 23km +350 (Nocturneta), 70km +4000 (Trail), 27km +1650 (Cursa). Emaitza: lehenengo emakumea, 14. sailkapen nagusian.

Ostiral goizean atera ginen Oscar Perez de Nanclares eta Gorka Guerras gasteiztarrak eta neroni Xertarantz egurra emateko asmoarekin. Bidaia nahiko motza egin zitzaidan, lasterketari buruz hitz egin baikenuen. Bazkaltzeko ordurako han geunden. Arratsaldean, dorsala hartu ondoren, pixka bat lasai botata egon ginen furgonetan, gaueko lasterketa (Nocturneta) bukatu eta gero ez baikeneuzkan ordu asko, eta aprobetxatu egin behar baikenuen denbora.

Nik argi neukan nire lasterketa bigarrena zela, larunbateko 70 kilometroko traila, eta han dena eman behar nuela. Beraz, gaueko lasterketan nahiko lasai ibiltzea erabaki nuen. Bi ordutan egitea zen nire asmoa.

Nocturneta hasi aurretik sorpresa bat eman zidaten: Jose Losquiños eta Carles Russel azaldu ziren, Race Land Teameko arduradunak. Talde horretako kidea naiz abendutik, baina ez nituen aurrez aurre ezagutzen. Zorte ona opatu eta berotzera.

Lasterketan erritmo eroso bat hartu nuen. Segituan nintzen lehen emakumea. Horrela amaitu arte. Nire denbora: 1:53:23. Helmugan Oscar eta Gorka pozik topatu nituen: Oscar bigarren izan zen. Dutxatu, afaldu eta lo egiten saiatzera.

Iratzargailuak 04:30ean esnatu gintuen. Hamar minutu baino ez nituen lo egin; hala ere, ondo sentitzen nintzen. Gosaldu eta irteerara. Sailkapeneko bigarren emakumeari sei minutu eta erdiko aldea ateratzen nion. Ez da asko, baina espero nuena baino gehiago.

Lasterketa hasi orduko lehen emakumea nintzen. Erritmo erosoa neraman eta hanken sentsazioa ona zen. Aurreko asteko entrenamendu gogor batek eragindako gogordurak salbu. Valentziako lasterketa batean ezagututako lagun bat, Adolf, bigarren emakumearekiko neukan aldea ematen hasi zitzaidan. Kilometroak egin arren, aldea ez nuen handitzen. Horregatik, bigarren igoeran erritmoa gogortu nuen. Oso azkar igo nuen —hala uste nuen—, eta baita tartea handitzea lortu ere, hamabost minutura.

Handik aurrera lasterketako gizon batzuekin elkartu nintzen. Tartean zegoen Dani Coll, Menorcakoa, oso jatorra. Kilometro asko egin genituen elkarrekin. Nik aldatz gora estutzen nuen; berak, berriz, aldatz behera. Oscar gertu geneukan, sei minutura, baina ezin nuen erritmoa bizitu. Horrela bukatu nuen lasterketa. Helburua bete nuen: 09:22:38 eta lehen emakumea. 11. sailkapen nagusian. Dutxa hartu eta gero Euskadi irratiko Aitor Elduaienen elkarrizketa. Masajea, zeozer bazkaldu eta orduan agertu zen Gorka, nekatuta bezain pozik. Arratsaldea azkar pasa zen. Izozki bat jan, furgonetan etzan, afaldu eta lotara. Gaua oso luzea izan zen, beroaren eta urduritasunaren ondorioz. Oso gutxi lo egin nuen.

Igandea, eguraldi ederra. La Cursa egin behar genuen, azkeneko lasterketa. Nire errenta 37 minutukoa zen bigarren emakumearekiko. Oscar hirugarrena da gizonen artean, baina oso hurbil zituen laugarrena eta bosgarrena. La Cursa Kataluniako Koparen barruko lasterketa da eta korrikalari asko joan ziren proba hau bakarrik egitera. Beraz, guk geure lasterketa egin behar genuen, gainerakoekin itsutu gabe. Nire asmoa lau ordutan amaitzea zen, baina uste baino sentitzen nintzen. Lasterketan hirugarren nintzen, baina helmugarako lau kilometro faltan bidez okertu eta behar baino 2,5 kilometro gehiago egin nituen. Ondorioz, laugarrenak aurreratu egin ninduan. Laugarrena izan nintzen emakumeen artean, 3:41:13 denborarekin.

Dena den, Les Fontseko azken sailkapenean lehen emakumea izatea lortu nuen. Oscarrek hirugarren, bigarrenarengandik oso gertu. Gorkak 38., baina oso pozik zegoen. Sari banaketa amaitu eta etxera. Asteburu zoragarria pasa genuen eta jada hurrengo helburuari begira jarri nintzen: Trail des Citadelles, Aste Santuan.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather