BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Oraindik badago abenturak sortzeko eta onenen bidea egiteko grina

Kangchenjunga

Aho askotan entzun da beti: altuena ez da zailena, baina zailenetan handiak ere badaude.
/

2014-04-14 / Juanra Madariaga

Aho askotan entzun da beti: altuena ez da zailena, baina zailenetan handiak ere badaude. K2 mendi madarikatua da dituen alturarengatik eta zailtasunarengatik. Beste horrenbeste esan daiteke Chogoritik (K2) oso urrun dagoen Kanchenjunga mendiari buruz. Bigarren eta hirugarren tokia okupatzen dute biek, hamalau menditzarren zerrendan.
Alex Txikon hirugarren horretara abiatu da aste honetan, Pasabanekin saio bat egin bazuen ere, tontorretik hurbil, nekeak eta alturak jota, loak hartu, eta buelta hartu baitzuen puntu goren hura zapaldu barik. Harrezkeroztik begien artean izan du iltzaturik handiaren irudia.
Oraingo honetan munduan dauden alpinistarik gogor, trebe eta potenteenetako batzuekin bildu da abangoardiako espedizio paregabekoa burutu ahal izateko. Helburua, Kangchenjunga mendiaren ipar aldean, zailtasun handiko bide berri bat zabaltzea da, estilo alpinoan, zamalarien laguntzarik gabe eta oxigeno artifizialik gabe.
Ideia bidelagun izango duen Kazakhstango Nevinnomyssk herrian jaiotako Denis Urubkorena izan da. Honek mendi erraldoi askotan marrazten ditu ametsetako lineak, gero amets horiek errealitate bilakatu ahal izateko. Hala egin du zortzimilako batzuetan (Cho-Oyun, Manaslun eta Broad Peak-en). Munduan 14 zortzimilakoak igo dituen hamabosgarren alpinista da eta gainera 8.000 metroko bi mendi eskalatu ditu neguan: Makalu eta Gasherbrum II. Orotara, 19 igoera egin ditu 8.000 metrotik gorako tontorretara. Eta dituen egokitasun fisiko ikaragarriez aparte, pertsona hurbila, alaia, sinplea, jatorra eta apala da.
Eurekin doan mendiko beste basapizti bat Adam Bielecki poloniarra da, herri horretako mendizale belaunaldi berriaren ordezkari garrantzitsuenetakoa. Makalu, K2, Gasherbrum I eta Broad Peak igo ditu, azken biak negu beldurgarrian.
Kanchenjungan trazatu duten marra, zaila eta batez ere arriskutsua da. Igo beharreko malda asko elur-jauzien mende daude, horrexegatik, forma fisikoa eta alturarako girotze perfektua, tontorrera onik heltzeko gakoak izango dira.
Oraindik badago abenturak sortzeko eta onenen bidea egiteko grina.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather