BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

mendi lasterketak

I. Gau trail Arratzu

Gau trail Arratzu
Gau trail Arratzu /

Larunbata zen, gaueko 21:00etan zegoen irteera ordua emanda Arratzuko plazan, baina gauez zen heinean lasterketa, guztiz ilundu arte itxaron zuten antolatzaileek, eta horretarako, irteera ordua 21:30etara atzeratu zuten, iluntasun osoa lortzeko helburuarekin.

Lasterketa gauez izateak, egun guztia "alperrik galtzea" ekartzen du, niretzako behintzat. Esnatzen zaren unetik, gosaldu, bazkaldu, askaldu, eta tartean zer eginak aurkitzen ibili nintzen, ia burua galdu arte. Nik uste dut ez dudala akademikoki behintzat, inoiz erabili edo aprobetxatu horrenbestez larunbat bat. Lanak aurreratu, irakurri beharreko liburuak irakurri,… zerbait egin beharra neukan burua pixka bat aldentzeko lasterketatik.

Azkenean heldu zen gauzak prestatzeko unea, Aitor Uriarte taldekidearekin gelditu nintzen, té bat hartu eta Arratzurantza abiatu ginen. Aitorrekin egotea niretzako plazer izugarria da. Oso pertsona ona da, jatorra eta gauza asko erakusten dizkit. Berak dioen bezala, taldeko psikologoa da. On egiten dio edozeini berarekin hizketan egiteak. Dortsalak hartu eta denboraz soberan genbiltzan eta azken jaitsiera ikustera joan ginen Aitor, Ander Legarra ( bertatik zebilen taldekidea) eta ni.

Hasi ginen gure espekulazioak egiten ikusten ari ginenaren arabera. Oso jaitsiera bizkorra eta aldapa askokoa zen, harriak solte ingurutik... eta aste osoan egindako euriaren ondorioz, lokatz asko zegoen jaitsieran. Honi guztiari, lasterketa gauez zela gehitzen bagenion, kontuz ibiltzekoa zela ondorioztatu genuen.

Behin hau eginda, kotxera joan ginen eta bakoitzak bere erritualari ekin zion. Musika jarri motibatzen hasteko, kremak eman hanketan, dortsala jarri kamisetan eta lehen korrikaldiak egiten. Aurkariekin eta ikusleekin hizketaldi batzuk egin nituen, urduritasuna pixkat kentzeko asmoarekin.Orduan, Oier Ariznabarreta ikusi nuen bere neskalagunarekin. Oier, nire lagun ona da eta ilusio handia egin zidan hura han ikustea. Azken aldian dena irabazten dabilen korrikalari bat da, denean: mendian, duatloietan, …"todoterreno" hutsa, eta berarekin lau hitz eta besarkada bat trukatzeak motibazioa eman zidan. Nire bibotea ikusi eta barrez hasi zen. Berarengan oso ohikoa da azkenaldian bibotea ikustea eta asko gustatu zitzaion.

Lasterketarako, estrategia bat neukan pentsatua, hura errepasatu nuen azkenengo aldiz kotxean eta irteerarantz abiatu nintzen. Baina, Iosuk Juaristik eta Iñigok Larizek esaten didaten bezala: "ezinezkoa da zerbait finkoa pentsatzea lasterketa baterako, oso aldakorrak izaten ohi dira lasterketa hauek eta."

Hasi zen lasterketa, aurrean jarri nintzen, Imanol eta Aitor Uriarte taldekideekin, eta lehen kilometroa nahiko bizkor egin genuen. Lehen aldapa hasi eta Imanol besteongandik bereizi zen eta helmugara heldu arte ez nuen berriz ikusi, hura bai erritmoa! Aitor eta ni gindoazen buruan, Ander taldekidea eta Ibon, Igorrekoa, batu ziren arte. Lehen jaitsieran besteengandik bereizi nintzen eta bigarren igoerara errenta pixka batekin heldu nintzen. Nire pultsometroa ikusi eta pixka bat zoratuta zebilen, arazo batzuk zituen, eta sentsazioen arabera korrika egitea pentsatu nuen halabeharrez.

Bigarren igoeran erritmoa pixka bat jaitsi nuen eta Ibonek atzetik heldu zidan, harrapatu eta ia igoera osoa egin genuen batera. Oharkabean, atzetik, Anderren arnas hotsa entzuten nuen, gero eta hurbilago, gero eta hurbilago. Hura zen nire momentua, pentsatu nuen, eta erritmoa aldatu eta bigarren jaitsieran taldetik irten eta bakarkako lasterketari ekin nion, bakarrik. Jaitsiera oso bizkorra egin nuen, lagun batzuk nituen lehen anoa postuan itxaroten erreferentziak emateko eta jada hirugarrenarekiko neukan aldea 2 minutukoa zela esan zidaten. Horrek pixka bat lasaitu ninduen.

Anoa postuan ur pixka bat edan eta gela hartu nuen. Hirugarren igoera zetorren, lasterketako gogorrena eta luzeena eta gogotsu ekin nion, hartutako erreferentziak eta animoek indar bizitu baininduten. Igoera bakarrik egin nuen, martxalariren bat pasatu eta ia tontorrean, taldekideak zeuden animoak ematen, Julen Aranguena eta Iñaki Iturri. Lasterketan ez zuten parte hartu, baina bertan egon ziren, taldekideei animoak eta laguntza ematen. Beraien bultzadak eta animoek tontorrera indartsu hel nendin egin zuten eta tontorretik, jada, beheraka zen dena, 6 kilometrotako jaitsiera oso bizkorra. Hori da nire alde daukadan faktorea, jaitsierak. Lehen erdian, dena eman nuen, kilometroak 3 minutu eta gutxian egin nituen, eta behin azken kilometroan sartuta, erritmoa jaitsi eta disfrutatzeari ekin nion. Lasterketa polita egin nuen eta azken kilometroak gozatu beharra nuela pentsatu nuen.

Helmugara sartu eta Imanol ikusi nuen. Jarraian barrea irten zitzaion ahotik eta zorionak eman zizkidan. Niretzako, Imanol, kirolari erreferente bat da. Berarekin hainbat ordu pasatzen ditut astean zehar entrenatzen edota hizketan, eta horrek gogor jarraitzeko indarra ematen dit. Lagun oso ona, guk elkarri esaten diogun bezala "brother" –ak gara.

Ezin nuen sinetsi, "etxeko" lasterketa eta bigarren postuan sartzen,… niretzako emozio handiko lasterketa izan zen.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather