BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Tatrak

Tatra Garaiak

Karpatoetako mendi garaienak ezagutzeko aukera izan genuen.
Morskie Oko
Morskie Oko / Unai Estala

Tatrak ere euskaraz hitz egiten dute. Polonia eta Eslovakia banatzen duen mendizerra hau ezagutzeko parada izan genuen orain dela aste gutxi. Hasiera batean, informazioa aurkitzea zaila egin zitzaigun; bertara iritsi ginenean, gauzak ere ez genituen oso garbi izan, jendeak jarrera itxia baitzuen gurekin. Hala ere, egunak pasa ahala, beraien bihotzak ireki zizkiguten. Beraien itxitasunaren atzean, pertsona leial eta eskuzabalak zeudela ohartu ginen. Baina izakera honen pareko da beraien gogortasuna. Orain ulertzen dugu zergatik munduko himalayista hoberenetakoen artean dauden Poloniarrak.

Gure bidaian Poloniako Tatra Garaiak ezagutu genituen. Eslovakiara ez ginen sartu, tontorretara igotzeko gida kontratatzea beharrezkoa zela irakurri eta esan baitziguten. Egia den ala ez egiaztatzerik ez genuen izan, astebetean iparraldeko mendiekin nahikoa izan baikenuen.

Orokorrean jende gutxi topatu genuen goikaldean. Ibilbide guztietan bidea irikitzea tokatu zitzaigun eta elurraren egoera nahiko txarra zen zati gehienetan. Elur kakaztua, belaunetaraino sartzen den horietakoa. Gainera, Poloniako mendi garaienera, Risy mendira, lauk igotzea lortu genuen egun hartan, beste lauk buelta hartu zutelarik. Aste guztian inork ez zuen igotzea lortu. Gurekin igo ziren biak, gure atzetik igo ziren, tontorra zapaltzeko materiala utzi genien eta, jetsieran, gure sokak erabili zituzten. Hau eskertzeko, nola ez, litro erdiko 8 zerbeza atera zizkiguten aterpetxean. Alkohola bai, hori gustura hartzen dute!

Baina esan beharra dago, elurra mendietatik joan orduko, bailara hauek jendez betetzen direla. Bide guztiak oso ondo seinaleztatuak daude eta pausu zail guztiak katez babesturik daude. Orla Perc izeneko ertza, esaterako, famatua da Poloniako ibilbide turistiko zailena delako. Pausu guztiak katez josita daude, baina ibilbide hau ezagutzera eman zenetik, ehundik gora pertsona hil dira bertan. Eztabaida latza izan zen orain dela gutxi "via-ferrata"-ra aldatzeko eskakizunak egin zituztelako, baina azkenean, bere oinarrizko kutsu horrekin uztea erabaki zen.

Gure lau ibilbideak hauetxek izan ziren:

Risy mendia: Poloniako mendirik altuena. Mendi polita da; baina batez ere, ibilbide zoragarria du, Morskie Oko izeneko lakua inguratu behar baita bertara iristeko. Egun hartan, Lysa Polanatik abiatu ginen, tontorra zapaldu genuen eta lakuaren ondoan dagoen ipunetako egurrezko aterpetxean lo egin genuen. Egun gogorra izan zen, kilometro asko ibili eta, batez ere, bidea zabaldu behar izan genuelako.

5 lakuen itzulia: Tatretako ibilbide ezaguna da. Morskie Okotik abiatu eta Szpiglasowy-ko lepoa gainditu behar da, Wieilky Staw laku erraldoira iristeko. Bidetik, Szpiglasowy tontorra egin genuen. Amaiera, kotxean.

Giewont: Bere silueta Zakopane herritik nabarmen ikusten da, Zermatt-en Cervino ikusiko bailitzan bezala. Izatez, silueta hau ondo esplotatzen dute bertako zerbeza eta beste hainbat markek beraien irudi moduan. Igo eta jetsi lau ordu exkaxetan egin genuen, baina tontorretik herriarekiko bistak paregabeak izan ziren.

Swinica eta Orla Perc: Poloniarrek Swinicari errespetu handia diote. Beraien mendi politenetakoa dela diote. Udan tontorrerako kateak daude, baina elurrarekin ibilbidea zertxobait aldatu genuen. Ertz zorrotz bat zeharkatu behar izan genuen tontorra zapaltzeko. Hasiera Kasprowy Weirch-etik eman genion eta jetsi bestalderuntz egin genuen, Orla Perc-i ofizialki hasiera ematen dion lepora. Hemendik gora egin ala ez duda mudatan hasi ginen, berandu baitzen jada. Baina konbentzimentu guztiz aurrera ekin genion. Berehala konturatu ginen handinahikeria bat zela, lehen tontorra egin eta jeisten hasi ginela, ertzean elur asko zegoela konturatu baikinen. Beranduegi zen sokak atera eta bidea aseguratzen hasteko. Beraz, atsekabetuta, itzuli egin ginen. Eskerrak, hortik ordu eskas betera kazkabarra hasi baitzen!

Azken egunak mendian egindako lagunekin pasa genituen. Poloniarrak zertxobait gehiago ezagutzeko parada izan genuen. Beraien bizitzeko modua, beraien egoera, beraien jakiak eta, batez ere, beraien edariak dastatu genituen. Vodka mota ezberdinak probatzea tokatu zitzaigun. Azkenerako, ahotik sua botatzen genuen… eta gauza bat argi izan genuen. Polakoak gogorrak dira, benetan. Na zdrowie!

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2018

Bidaia eta Mendi kroniken lehiaketa