BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

trail running

Zegama is Zegama

Nire lehen Zegama-Aizkorriko bizipenak, barrutik.
Zegama
Zegama / Zegama-Aizkorri.com

Beste behin, Zegamara hurbildu gara. Baina aurten, gauzak ezberdin bizi izan ditugu. Aurreko urteetan maratoia kanpotik bizi izan genuen eta, nola ez, korrikalariei ahal genizkien indar guztiak transmititzea genuen helburu. Igandean, guztiz kontrakoa bizitzea suertatu zitzaigun. Korrikalarion balentria eta adorea goraipatuz, arnasa amaitu arte garrasi egiten ziguten; aldapan gora, metro gutxi batzuk baziren ere, gure alboan mantentzen ziren, hauspoa berotu eta gehiago ezin zuten arte; lanbro itxi hartatik, bat-batean, ezer ezetik irteten ziren, gure indarrak atzean uzten genituen uneetan; eta bertan mantentzen ziren, tinko, nahiz haizea, nahiz lokatza eta nahiz euria egin. Momentu hunkigarriak bizi izan genituen eta gizakion alderdi baikorrena erakutsi ziguten. Hori da benetan goraipatzekoa. Eskerrik asko, bihotzez, bertara hurbildu zineten guztioi.

Baina Zegama-Aizkorri maratoiak hau eta gehiago eman zigun: munduko korrikalari hoberenak zeuden bertan, esaterako. Han ziren Kilian Jornet, Luis Alberto, Marco De Gasperi, Ionut Zinca, Stevie Kremer, Maite Maiora, Emelie Forsberg, Aritz Egea edo Jokin Lizeaga, batzuk aipatzearren. Askoren ahotik entzun dudan moduan, munduko mendi maratoi hoberena. Hau gutxi balitz, Aizkorri-Aratz parke naturalak goi mailako parajeak eskeintzen dizkigu.

Lasterketa nire aitarekin burutu nuen. Horrelako esperientziek elkarrekiko lotura berezi eta estu bat sortzen dute. Momentu gogorrak zetozenean, elkarri laguntza eta babesa ematen genion. Momentu gozoetan, aldiz, zer hobe berarekin partekatzea baino? Baina dena esan beharra dago: oraindik ere zaharrak gazteari tira egin behar izaten dio!

Aurtengo korrikalarien maila inoiz baino altuagoa izan dela argi geratzen da lau korrikalarik 2005ean finkatu zen errekorra jetsi dutela ikustean. Beraien arteko lehia ikusgarria izan zen. Baina Kilianek garbi utzi nahi izan zuen hasieratik nork agintzen duen Zegaman. Transvulcaniako errebantxa hartu nahi zuen eta hortzak gogotik estutu zituen lasterketa guztian zehar. Kilian handia, zazpigarren aldiz garaile hemen, etxean bezala sentitzen da. Nesketan, Stevie Kremer-ek irabazi zuen, Maite Maiorak azken kilometroetan Emelie Forsberg podiumetik baztertzea lortu zuelarik.

Baina goraipatzekoak dira, maila berean, hasieratik amaieraraino parte hartu zuten korrikalari guztiak. Zorionak, norberak bere buruan jarritako mugak gainditzea lortu zuen orori; zorionak, lasterketaz gozatzea lortu zuten guztiei; eta, zorionak, helmuga gainditu zutenei, nahiz lehena edo azkena izan. Eta, nola ez, zorionak antolatzaile eta bolondresei, beraiei esker baitugu Euskal Herrian mundu mailako mendi maratoi hoberena. Orain, inoiz baino ozenago, Zegama is Zegama!

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather