BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

WOPeak alpinismo proiektu bat da

WOPeak

Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza
/

Duela egun batzuk, 50.000 gomazko ahatetxo beilegi, Bilboko itsasadarrean igeri egiten ikusi genituen, lasterketa eder eta zoro batean. Guztiok pozik baina lehiakor, indartsu eta animoso. Ekimenaren helburua lasterketa bera bezain ederra da: Walk On Project fundazioak gaixotasun neurodegeneratiboen ikerkuntzan laguntzeko egiten duen lanari bultzada ematea.
WOP mugimenduak, gaixotasun bitxi, arraro eta neurodegeneratiboen ikerkuntzan laguntzea, ikertzea, sentsibilizatzea eta lau haizetara zabaltzea du helburu. Horretarako hainbat alorretan jarduten du, adibidez, musikan.
Orain beste alor bat izango du burubide: mendia. Eta horretarako WOPeak iniziatiba atera dute aurrera.
WOPeak alpinismo proiektu bat da, hiru etapatan banatua, hiru mendi, hiru horma eder eta zail, eta hiru alpinistarekin: Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza. "Zailtasuneko alpinismoa altueran, hori da gehien maite duguna, eta hori da, hain zuzen, proiektu honen bultzada eta sorburua, eta gure onena ematera behartuko gaituzten une ahaztezinak bizi ahal izatea, hori da gure pasioa" idatzita utzi dute hirurek.
Trinitate honen bokazioa ezaguna da, eremu magnetikoa den Himalaian, bide berriak edo gutxitan errepikatuak izan diren lineak eskalatzea. Eta epiko eta transzendental jarri gabe, mundu horretan gabiltzanontzat, ametsezkoa da jarri duten jomuga.
Hortaz, menditzarren dekoratura migratuko du berriz hirukoteak, lehenik, joan den urtean burutugabe utzi zuten Pakistango Karakorumeko Paiju Peak mendiaren (6.610 m) hego aurpegiko granitozko horman bide berria marratzeko; geroago, 2015eko bedatsean, alpinista ororen ametsa litekeen Nepaleko Jannu mendiaren hego aurpegia (7.710 m) kurritzeko; eta azkenik, Tibeteko Cho Oyu (8.201) erraldoiaren hego-mendebaldeko aldats pikoa igotzeko.
WOP mugimenduak bat egingo du alpinismoarekin, tontorrik garaiena lortzeko, eta 8.000 metrotara zortzi urratsetan, WOP bandera eramateko. Kalibre handiko enbaxadore aproposenek bat egin dute egitasmoarekin, eta bide batez, guztion ilusioarekin. Bejondeiela!

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather