ultra-trailak ehunmiliak
2014-07-15 / Javi Dominguez
"Hau guztia horren berdea eta horren ederra izateko, ezinbestean egin behar du euria…"; horixe pentsatu nuen gauean, Azpeitirantz jaisten ari nintzela.
Ezin dut Erloko ikuspegiaz gozatu ilargi betea atzean dudala, baina badakit Azkarate gaineko giroa eta batez ere Azpeitikoa oilo-larrua jartzeko modukoak izango direla. Eta halaxe izan zen, jendetza zegoen euripean animatzen. Imanolen "jarraitzaile" taldea, gainerako lasterkari guztion jarraitzaile talde bihurtuta.
Euri edo behe-laino errezel bakoitzaren atzean, ezerezaren erdian, hainbat sorpresa aurkitu nituen: buruko argiarekin begira eta animatzen denak.
Ez nuen Txindokiko gaina ikusi, lainoek estalia zuten eta. Adarraren soinua entzun nuen, ordea. Eta goizaldean, txalapartaren txakun-txakuna ere bai.
Lizarrusti astun zegoen lokatzetan; Etzegaraten "zibilizazioarekin" bat egin nuen berriro; Aizkorriko igoera kalbariotik, beti bezain gogorra; Urbiako bakea, Andraitz… eta Zegama-Aizkorri etorri zait gogora.
Mutiloan jendetza lasterkari guztiak animatzen. Eta zer esan Beasaingo giroaz!
Antolatzaileak eta boluntarioak, beti bezala: onenak. Etxean sentiarazten gaituzte, "giputxi" ere bai.
Ibilbidea urtero da berbera, baina esperientzia urtero da berria.
Aupa Ehunmiliak!