BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Zumaia Flysch

/

2014-07-16 / ESAIT

Arkaitzen artikuluak hain interesatuki zaineratzen zaigun anestesiaren efektua kendu, eta eztabaida zeharo interesgarri bati ateak ireki dizkio. Politikoki zuzena dena loratzeko joera dagoen honetan, gutxienez, azalduriko ausardiagatik zoriondu beharko genuke Arkaitz. Baina horrez gain, ezkutatzen saiatzen diren hainbat elementu mahaigaineratzea lotu du, eta hori da bere idatziaren aktiborik garrantzitsuena.

Lehenbizi filosofiari buruzko apunte labur bat egin beharko genuke. Askatasunaren eta erabakitze eskubidearen aldekoak gara ESAITen. Eskenatoki perfektua, norberak askatasunez nahi duen iharduera garatzeko eskubidea errespetatzen denekoa da.

Euskal Herria nazio nortasunaren ikuspegitik anitza da. Eta aniztasun hori aberasgarria da. Baina horregatik, elkarbizitza ororen oinarria, aniztasun horren errespetua izan behar da. Ez dago besterik. Zentzu horretan, egungo egoera, justu, aniztasunaren aurkakoa da, erabat asimetrikoa. Bada nortasun bat, euskal herritarra, aitortua ez dena, aldi berean bortxatua delarik. Eta egoera hori ez da kasualitatea.

Badira estatu bik, eta bereziki espainiarra, euskal eta beste hainbat nortasunen aurkako obsesioa dutena. Hainbestekoa da obsesio hori, nazioarteko federazio ugariren arauak aldatu dituztela hainbat nortasun boikoteatzeko. Hori da lehenbiziko boikota. Benetakoa. Hainbesteraino iristen da obsesio hori, Gibraltar edo Kosovo onartu ere ez dituela egin espainiak, gurea bezalako nazio bati ateak ireki ez diezaizkioten.

Ez gara ari beraz, nortasunen arteko lehiaketari buruz. Ez da eremu politikoari soilik dagokion gaia. Eskubideen eremuari buruz ari gara, nazio nortasuna dela eta diskriminatuak ez izateaz ari gara, demokraziari buruz, alegia. Ikuspegi horretatik kokatu beharko genuke eztabaida oro, sentimenduez gain.

Eta aipaturiko testuinguru honetan kokatuz, FEDME, espainiar kirol sistemaren barnean integraturik dago organikoki. Legez. CSD du gainetik, legez ere, eta azken hau, gobernuaren esku dagoelarik. Hau da, guzti hau Rajoiren gobernuak onesten duelako egiten da. Ez dezagun zalantzarik izan, aurrekoetan gertatu izan baita: gobernuak, CSDk, diskriminazioa zalantzan jarriko lukeen ekimen oro ikusiko balu, boikoteatuko luke inolako zalantzarik gabe.

Guzti hau dela eta, Zumaiako lasterketaren modukoek, asimilazioaren bidean urratsa suposatzeaz gain, eredu antidemokratiko baten erakusle ere bilakatzen dira. Ez da soilik espainiar zaleak direla. Euskal nortasunaren boikota helburu dute ere, horretarako estatu batek erabiltzen dituen baliabide guztiak eskura izanik. Hor dago gakoa.

Honen aurrean zer egin Euskal Herrian?

Lehenbizi, aipatutakoaz jabetu beharko ginateke. Fede onez herrietan halako txapelketak antolatu eta babesten dituen hainbatek, ez daki zeintzuk diren halakoen garapenaren inplikazioak, zer suposatzen duten, eta nork bultzatuta garatzen ari diren. Pedagogia lan sakon bat egin beharko litzateke. Boikota adibidez, konnotazio erabat negatibodun terminoa, guk jasotzen duguna da, txapelketa bat galaraztea baino sakonagoa den boikota. Benetako boikota.

Honen aurrean, bigarrenik, eraso hauen aurreko alternatiba erakargarriak eraikitzea litzateke antidotorik eraginkorrena. Estigmatizazioan erortzea sahiestu -beti denaren aurka gaudeneko estigma hori-, eta gure eredu propioak garatu, Euskal Herria erakargarri bilakatu. Antidemokraten eskaintza hobetzen saiatu.

Horrez gain, antolaketa eta hausnarketatik abiatuz, gogoetak konpartituz, iritzi desberdinak errespetatuz, desobedientzia aktibo jarrerak bultzatu, erabaki, garatu. Desobedientzia pedagogikoa.

Bat egiten dut atzeraka ari garela esaten duenean. Eta so autokritiko batetatik, ESAITek honetan erantzunkizunik duela ere aitortu beharra dago. Ez gara gai izan indar guztia Euskal Herriko ikuspegiaren arabera artikulatzeko. Eta hor da gakoa. Indar guztiak batu, artikulatu. ESAIT tresna eraginkorra ez bada, besteren bat sortu beharko da, baina lehenbiziko ariketa hori dugu: demokratiko eta horizontalki, modu natural batean, gure nortasunaren arabera kirola artikulatzearen eskubidea egikaritu nahi dugun guztion artean gune bat sortu. Hausnarketa eta ekintzetarako gune zabal, horizontal eta demokratiko bat. Hori dugu epe laburrera erronka. Eta bitartean, ongi etorriak izan daitezela Arkaitzenaren moduko artikuluak.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather