BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Alpinismoa

Txikonek, Maizek eta Palmadak bertan behera utzi dute Trangoko espedizioa

David Palmadaren "motibazio faltagatik" egin dute behera. Osasun arazoak izan ditu, Trangoko Dorre Handiko (Pakistan) bideak ez du asebete eta eguraldi txarra izan dute azken egunetan.
Palmada eta Txikon, trasteak igotzen.
Palmada eta Txikon, trasteak igotzen. / Alex Txikon

2014-08-20 / Berria

"Atsekabea handia da, baina ez da porrota". Alex Txikon bizkaitarrak, Ekaitz Maiz nafarrak eta David Palmada Pelut alpinistek uko egin diote Trangoko Dorre Handiko espedizioari. Ez eguraldi txarragatik. Ez min hartu dutelako. Palmadaren "motibazio faltagatik" baizik. Palmadak anginak izan zituen beheko kanpalekuan, eta asko ahuldu zen. Gero, horman, "ez da inoiz eroso sentitu", esan dute alpinistek ohar baten bidez. "Bidea ez da izan espero zuena eta eguraldi txarrak kitoa eman dio. Aldarteak huts egiten duenean, motibazioak hondoa jotzen du. Eta horixe gertatu zaio". Une "oso gogorrak" direla diote, hilabeteak behar izan baitituzte espedizioa prestatzeko. Eta, azkenean, mendia ez baita izan atzera eginarazi diena.

Txikonek, Maizek eta Palmadak zortzi egun egin dituzte Trangoko Dorre Handiaren (6.286 metro) ipar mendebaldeko horman, Pakistango Karakorum mendikatean. Hirugarren kanpalekua jarrita zeukaten, 5.200 metrora. Bushido bidea egin nahi zuten. Baita lorpena zuzenean eskaini ere. Munduko horma zailenetakoa da. "Zailena geratzen zitzaigun, baina korapilotsuena eginda geneukan". Baina zailtasun teknikoez gain, bestelako faktoreak ere aintzat hartu behar dira: "Aldartea, motibazioa, osasuna edota norbaiten asmoak ez betetzea".

Palmadaren motibazio faltaren aurrean, proiektua bertan behera uztea erabaki dute Txikonek eta Maizek, "Palmada hasieratik funtsezkoa izan delako eta bera gabe proiektuak ez zeukalako zentzurik". Dena den, hirurak zeuden nekatuta, Desnivel aldizkarira bidalitako Whatsapp mezu baten arabera: "Horma oso handia da, ez oso bertikala, eta oso zaila da gure traste astunak igotzea. Oso motel goaz eta bidea ez da gure gogokoa". Ez dute askorik gozatu. "Gozatzeko eskalatzen dugu eta gozatzen ez denean, jaistea da onena, gogoeta egitea eta beste inspirazio iturri bat bilatzea". Beheko kanpalekura bueltatu dira jada.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather