BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Mendiko lasterketak

Iker Karreraren, Uxue Fraileren eta Javi Dominguezen Mont Blanceko Ultratraila

Karrerak bigarren egin du, Tofol Castanyerrekin batera; Fraile bosgarren izan da ehun miliako bere lehen lasterketan; eta Dominguezek 21. amaitu du, lasterketa uztear egon ondoren.
Javi Dominguez, Uxue Fraile eta Iker Karrera, Chamonixen.
Javi Dominguez, Uxue Fraile eta Iker Karrera, Chamonixen. / Ainhoa Lendinez

2014-09-02 / Berria

Iker Karrera: "Oso momentu berezia da, bizitza osoan gordetzekoa"

Bi korrikalari eskutik helduta Chamonixko helmugan (Frantzia). Besarkada bat. Lehia? Bai, lehiatu dira ehun kilometroan baino gehiago, baina azkenean helmugara elkarrekin sartzea erabaki dute: Iker Karrera (Amezketa, 1974) eta Tofol Castanyer (Soller, Herrialde Katalanak, 1972). Munduko mendiko korrikalari onenetakoak dira, eta Mont Blanceko Ultratraileko (UTMB) 168 kilometroetan zerbait izan dute jokoan: garaipena. Azkenean, biek egin dute bigarren (20:55:42), François D'Haene taldekide frantziarraren atzetik (20:11:44). Bi korrikalari bigarren. Ez erdibidutako pozik. «Lagun batekin partekatutako bigarren postuak sentimenduak, emozioak, poza, areagotu egiten ditu».

Ezohiko irudia da eliteko kirolean. Karreraren kasuan ez da lehen aldia: Miguel Herasekin batera sartu zen garaile Transvulcanian, 2011n. «Zaila da goi mailako lehiaketetan eta bakarkako lehiaketetan halako zerbait ikustea, baina mendiko lasterketetan beste balio batzuk ditugu», dio Karrerak. «Oso momentu bereziak dira, bizitza osoan gordetzekoak».

Iker Karreraren bigarren UTMB izan da. Bietan egin du bigarren. Baina biek izan dute zapore gozoa: 2011n estu hartu zuen Kilian Jornet, historiako mendiko korrikalari onena; aurten, berriz, Castanyer taldekidearekin helmugaratu da.

Aurtengo bigarren postuak, gainera, zapore hobea du, Karrerak hilabete askoan ezin izan duelako bete-betean lehiatu, belauneko lesio baten ondorioz. EH Mendi Erronkan parte hartu zuen, probatzeko, eta irabazi egin zuen. Garaipena lortu zuen Ulldeter ultratrailean eta Aigüestortesko Epic Trailen. Bigarren izan zen Salomon 4 Trailsen. UTMB zuen aurtengo helburu nagusia.

Karrerak eta Castanyerrek elkarrekin egin zuten ia UTMB osoa. Lasterketa buruan beste bi lagun ere izan zituzten ondoan, ehun kilometro baino gehiago: Luis Alberto Hernando espainiarra eta D'Haene frantziarra. Hernandok lasterketa utzi egin behar izan zuen La Foulyn, 108. kilometroan, tripako arazoengatik; leku berean D'Haenek aurrera egin zuen, eta lasterketa irabazi zuen. Taldean joatea ona izan zela nabarmendu du Karrerak, gaua pasatzeko batez ere. Izan ere, aitortu du une batzuetan ez zeukala korrika egiteko gogorik.

Hernandok lasterketa utzi eta gero, Salomon International taldeko hiru lagun geratu ziren lasterketa buruan. Haiek osatu dute podiuma.

Karreraren helburua irabaztea zen, baina D'Haene oso indartsu zegoen: «Konturatu nintzen ia ezinezkoa zela hari irabaztea. Podiuma ziurtatzea zen helburua». Arrazoi zeukan: D'Haenek probako marka hautsi zuen, eta ia 20 ordutik beherako marka egin zuen.

Elkarrekin, baina une askotan elkarri aurrea hartzen aritu ziren Karrera eta Castanyer: Karrera hobeto moldatzen zen maldan gora, besteak beste Castanyerrek arazoak zituelako hankak behar bezala jasotzeko; Castanyer, berriz, Karrera baino azkarragoa zen maldan behera, Karrerak hankak egosita zeuzkalako eta babak atera zitzaizkiolako.

Horrela egin zituzten kilometro gehienak, ia bukaerara arte. Azkeneko malda falta zen. Tete aux Ventsekoa. Erabaki beharra zegoen. Elkarrekin helmugaratzea hitzartu zuten, jakinda urrun zituztela laugarrena eta bosgarrena. «Lasterketa guztia elkarrekin egin eta gero, ez zuen merezi elkarren kontra lehiatzeak», Karreraren esanetan.

Hurrengo helburua Reuniongo Diagonale des Fous du (Eroen diagonala), «gorputza bere onera bueltatzen bazait». Ezagutzen du Reuniongo ultratraila, munduko mendiko lasterketa gogorrenetakoa. 170 kilometro inguru eta ia 10.000 metroko gorabehera positiboa. 2012an ere parte hartu zuen. Lasterketa buruan zihoan Kilian Jornetekin, baina Karrera geratu egin zen, belauneko minagatik. Pixka bat gehiago jarraitzea erabaki zuen eta kilometro batzuk egin zituen, lasterketa bertan behera utzi arte.

Uxue Fraile: "Gozatzeko uneak bilatu egin behar izan ditut"

Ehun miliako estreinako lasterketa zuen Uxue Frailek (Donostia, 1974). Estreinako Mont Blanceko ultratraila (UTMB), beraz. Helburua: «Bukatzea». «Hainbeste lan egin eta gero, gozatzea eta bukatzea». Eta bosgarren egin du munduko ultratrailen erreferentzian. Korrikalarien palmaresean gehien nabarmentzen den lasterketa luzean. Hala ere, asko sufrituta eta gutxi gozatuta izan dela aitortu du, zintzotasunez.

Bosgarren. Gozatu gabe. Baina pozik. Utikan aitzakiak eta baina-k: «Agian ez ditugu helburuak betetzen eta ez dugu zure bizitzako lasterketa onena egiten; pozik egon behar dugu, pozik egotea merezi dugu, ordea, guk eta gure ingurukoek lan handia egin dugulako».

«Gozatzeko momentuak bilatu egin behar izan ditut», dio, podiumera igo baino minutu batzuk lehenago. Mont Blanc erraldoiari begiratu eta indarra ere eskatu zion, «bultzatzeko». Baina une txarrenetan, ultratrailetako korrikalari gehienen moduan, ingurukoak izan ditu gogoan, senideak eta lagunak. «Haiek nik bezainbeste merezi zuten, eta hor egon izan ez balira, agian ez nintzen helmugara iritsiko».

Tripako mina, gauaren luzea, nekea... Eskarmentuak asko laguntzen du halako egoeretan, eta Uxue Frailek badaki zer diren proba luzeak. Ez alferrik, raid-etatik iritsi zen mendiko lasterketetara. Hiru edo lau egunez ia gelditu gabe eta ia lorik egin gabe egiten diren taldekako probetatik. «Badakit gorputzak gorabehera handiak izaten dituela eta konfiantza izan behar duzu gorputzean. Hala ere, gorputzak buelta emateko gogoa izan behar duzu, bestela ez baitio buelta emango». Horrela pasatu zuen gaua, momentu hobeen zain. Kafearen laguntzarik gabe, Frailek ez baitu kaferik hartzen.

Raidetatik iritsi zen mendiko lasterketetara. 2012aren aurretik egin zuen lasterketaren bat, baina urte horretan zentratu zen mendiko lasterketetan. Besteak beste, zazpigarren izan zen Zegama-Aizkorrin eta bosgarren Cavalls del Venten. Geroztik, hamar onenen artean izan da lasterketa gehienetan, eta podium asko zapaldu ditu. Baita lasterketak irabazi ere. Ondo moldatzen da lasterketa laburretan zein luzeetan. Mendiko eskian ere bai.

Frailek bosgarren amaitu du (26:22:19), baina Fernanda Macielen laugarren postua ere ez zuen urruti (26:05:47). Frailek, ordea, ez zuen lehia hori bizitu, «sentitu»: «Azkenean asko gerturatu nintzen, baina nire helburua iristea zen. Neure buruarekin borrokatu nahi nuen, eta ez nintzen horretan sartu. Indarrak ere ez nituen soberan».

Podiumeko bozgorailuak garaileen izenak esaten ari dira. 2014ko UTMB amaitzear da, baina korrikalariek buruan dituzte hurrengo erronkak. Frailerena Reunion uharteko Diagonale des Fous da, urrian. Ehun miliako lasterketa, baina UTMBren kontrako baldintzetan. Alpeetako tontorretatik Reuniongo oihanetara eta hezetasunera.

Javi Dominguez: "Uztea pentsatu nuen"

Beasaingo kaleetan nola, Chamonixekoetan ere Palestinako bandera haizatu zuen Javi Dominguezek (Gasteiz, 1974), larunbatean, Gazako sarraskia gogoan. Uztailean, Beasainen, Ehunmiliak irabazi zuen Dominguezek; larunbatean 21. izan zen UTMBn (24:26:17). Iaz baino (21:17:38) ia hiru ordu gehiago. Dominguez hirugarren izan zen iazko lasterketan, Xavier Thevenard frantziarraren eta Miguel Angel Heras espainiarraren atzetik. Iazkoa «lasterketa perfektua» izan zen Dominguezentzat. «Ia nahi gabe» podiuma lortu zuela zioen orduan. «Ametsa». Laguntzarik gabe. Nazioarteko korrikalari eta kazetari askok orduan ezagutu zuten Dominguez. Aurten Vibram taldeak fitxatu du. Uxue Fraile ere bai.

Aurtengo helburua "lasterketa ona" egitea zen, "gozatzea". Lasterketa ona egitea eta lehen hamarren artean sartzea. Lasai zegoen, "jakinda ziurrenik ez dudala inoiz errepikatuko iaz egin nuena". Emaitza ez du errepikatu, eta sentsazioak ere ez. Courmayeur ingurura arte (77. km) "gustura" joan zen. "Lehen 15en artean nengoen, nire erritmoan". Baina Courmayeurrera iritsi aurretik ikusi nuen indarra falta zuela, ez zela ari gozatzen. "Uztea pentsatu nuen". Ez da inoiz erretiratu ultratrail batean, baina UTMB uztea pentsatu zuen, "nire burua ez erretzeko, beste lasterketa batzuetara gogorik gabe ez joateko". Buelta eman zion, ordea, eta bukatzeko asmoarekin atera zen Courmayeurko anoa gunetik. Bukaerara arteko ia ehun kilometroak gogorrak izan ziren, "hutsik" zihoan. "Pozik" dago, bukatu zuelako. Bukatu, 21., nazioarteko korrikalari ezagun askoren aurretik.

Dominguezek ez daki zergatik izan zuen hain gorputzaldi txarra. "Aitzakiak bilatzen hasita, bila ditzaket", dio. "Gertatzen da, besterik ez, batzuetan hobeto zaude eta besteetan okerrago. Iaz dena alde izan nuen. Aurten ez". UTMB berezia da Dominguezentzat: ibilbideagatik, lasterketaren historiagatik, korrikalarien mailagatik... Nabarmendu du urtetik urtera korrikalarien maila hobea dela eta denborak hobeto egiten dituztela, ez bakarrik lehen postuetan amaitzen dutenek, baita erdi parean ibiltzen direnek ere. "Jendea gero eta hobeto prestatzen da".

Karreraren eta Fraileren moduan, Reunion uharteko Diagonale des Fous du hurrengo helburua. Lehen aldiz lehiatuko du han. Helburua? "Amaitzea eta lasterketa ona egitea".

UTMBn, nabarmentzekoa da Aitor Iraizozen emaitza: hamahirugarren izan da (23:18:01). Iaz baino (25:28:26) ia bi ordu gutxiago egin ditu. 25. izan zen iaz. Ehun lehenen artean sartu dira Euskal Herriko beste lau ordezkari: Igon Manzisidor 79. (29:12:30), Zigor Iturrieta 84. (29:29:41), Felix Valdavida 85. (29:32:55) eta Unai Amezaga 98. (29:56:58). Lasterketa utzi dutenen artean, aipagarria da Silvia Triguerosen izena. Oso denboraldi ona egin du eta ilusio handiarekin joan da Chamonixera. Lehen emakumeen artean sartzeko moduan zegoen, baina ezin izan zuen.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather