BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Antzinako oihartzunak

Altuera gorenetatik latitude garaienetara

Euskaldunak Martial mendiaren gailurrerian.
Euskaldunak Martial mendiaren gailurrerian. / Eñaut Izagirre

2014-09-24 / Eñaut Izagirre

Gizakiak betidanik izan du ezezaguna zaiguna ezagutzeko grina. Historiaurrean gure antzinako arbasoetatik hasi eta mendeetan zehar arlo ugaritan egin dira aurkikuntza berriak. Horietako garrantzitsuena ziur aski Geografia izan da, hau da, lur eta itsaso berriak, izan mendi garaiak, oihan tropikalak edo ozeano zabalak.

Hala ere, berezia da gure planetako hiru polo nagusien kasua. Poloak, puntu geografiko jakinak besterik ez dira; alde batetik, iparra eta hegoa, Lurra planetaren errotazio ardatz imaginarioa lotuko luketenak, eta bestetik, puntu gorenena edo mendi garaiena. Hauek, erakarpen handia izan dute historian zehar eta gaur egun ere jarraitzen dute izaten, nola ez! Munduaren amaiera dira, oinez iritsita zapaldu ditzazkegun azken eremuak.

Hala, gizakia hiru polo hauetara hurbiltzen hasi zen, arriskuak arrisku gero eta gertuago. XX. mendearen hasieran, mendi garaietara igotzeko beharrezkoak ziren garapen eta tresnak ez ziren nahikoa eta urte batzuetan zehar zapaldu gabeko santutegi izaten jarraitu zuten. Latitude garaietan ordea, Ipar eta Hego polo geografikoetara iritsi ziren esploratzaile internazionalak. Joan zen mendearen erdialdetik aurrera, eta hain justu 14 urteren buruan, munduko hamalau 8.000 metro baino gehiagoko mendiak igo ziren. Hortaz, esan daiteke goi latitudeetan hasi zena goi altueretara igaro zela.

Beraz, gaur egun nahiko ohikoa da mendizaleok gero eta altuera gehiagoko mendietarantz gerturatzea, latitude garaietan dauden mendi "baxu" baina eder bezain gogorrak (baldintza meteorologikoak oso kontuan hartzekoak baitira) ahaztuta gelditzen direlarik. Ziur aski ezagunak ez zaizkigulako, eta gainera, inguruotara gerturatzeko baliabideak edonoren eskuetan ez daudelako (ni momentuotan, ikasketek erakarrita, oso zorteko naiz).

Joan zen astean, Ushuaia (Argentina) inguruko mendietan oinez nenbilela, ohartu nintzen Patagonian (Tierra del Fuego barne) ezagutzeko dauden eremuak oraindik ere asko direla. Zapaldu gabeko elur hautsean nengoela aintzinako indio fueginoen oihartzuna entzun zitekeen mendebaldeko haizeen indarrak bultzatuta eta galdetu nioen nire buruari, altuerak ez duena latitudeak zein geografia berezi eta ederrak ordezkatuko ote du? Gai izango ote gara naturgune bezala oparoa dena luzaroan mantentzen?

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather