BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Ikasgai berezia

Ikusi ez baina ozen sentitzen diren horietakoa

Plakazko elur-jauzia.
Plakazko elur-jauzia. / Eñaut Izagirre

2014-09-30 / Eñaut Izagirre

Duela egun batzuk Ushuaia inguruan ibili ginela aipatu nizuen aurreko sarreran. Hego Hemisferioan, oraindik ere, neguko azken egunak ziren eta mendietan elur dezente zegoela agerikoa zen.

45º Hego latitudetik behera eta Antartikar penintsulara arte, Mendebaldeko haizeak dira nagusi inguruotan, Hego poloan kokatzen den antizikloi indartsuaren eta latitude epeleagoetako borrasken ondorioz sortzen den presio diferentziak haizearen abiadura handitzen baitu. Beraz, ezaguna zaigu mendebalde eta hego-mendebaldeko isurialdeak direla haizeak gehien astintzen dituen eremuak, hau da, haizealdeak (barlovento), eta ekialde eta ipar-ekialdekoak berriz, haizebeko (sotavento) eremuak.

Teoria nahiko argi genuela, mendebaldeko isurialdeetako batean hasi ginen gora igotzen, Martial mendiaren gailurreriara zuzenean eramango gintuen kanal batetik. Lepora iristean, haize-bolada indartsuak geneuzkan eta bagenekien ekialdeko isurialdeak ez zirela oso gomendagarriak. Neguko azken egunetan eta, batez ere, udaberrian, elur asko egiten ez duenez, isurialdeek duten orientazioa berebiziko faktore bihurtzen da elur-jauzien mehatxua neurtzerako orduan.

Gailurreriatik gindoazen, poliki-poliki, pausoz pauso, ezezaguna zitzaiguna ezagutuz baina arreta handiarekin. Zeharkaldi bat egiteko haizebeko isurialdera pasa ginen eta tentuz tentu genbiltzan, elurraren egoera ez baizen aurrez, kanalean gora, zapaltzen genuena bezalakoa.

Laguna isurialde aldapatsuan sartzen ari zen, ni azken harrietan oraindik, segurtasun metro batzuk elkarri emanda argazki batzuk ateratzen. Bapatean, "krausk!" soinu hotz baina ozena, ikusi gabe sentitu genuena, eta lagunak egun oraindik ere barruan daramana. Tamaina handiko izotz-plaka bat askatu eta aldapan behera joan zen abiadura azkartuz, zuzen-zuzen haranean behera.

Bi pauso gehiago eta kontakizuna ez zen berbera izango, baina zorteko izan ginela aitortu behar dut. Lehen oinkada horiek karga gehigarria ezarri zioten aurrez ezegonkorra zen elur geruza bati, eta horregatik hautsi zen plaka. Eskerrak hasierako urratsak ziren eta, berriz ere, arroken segurtasunean ginen. Ikasgai esanguratsu eta aparta jaso berri genuen, Erhard Loretan zenak zioen bezala; "mendia bizitza-eskola da, nere buruarekin eta egiten dudanarekin zintzo izaten erakutsi didana". Horregatik zuenganatu nahi izan dut esperientzia hau, mendian gabiltzanean, lehenengo, mehatxuak kontuan hartu eta, ondoren, arriskuak minimizatu ditzagun.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather