BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Paineko Dorreak

Patagoniara datozen turistentzat erakarpen nagusia den altxor naturala

Paineko Dorreak eta izen bereko aintzira erdi-izoztuta.
Paineko Dorreak eta izen bereko aintzira erdi-izoztuta. / Eñaut Izagirre

2014-10-13 / Eñaut Izagirre

Lehen aldiz nire begiez ikusteko aukera duela urtebete baino gehiago izan nuen. Ordu hartan, Antartika eta Patagoniako geologiari buruzko ikasgai bat geneukan irakasle alemaniar batekin eta berak proposatuta Torres del Paine Parke Nazionalera egin genuen landa-irteera, bertako geologia gure begiez ikusi genezan. Horrela, egun batean Paineko Dorreak edo Torres del Paine bezala ezagutzen diren granito-gorrizko hiru dorre ezagunak bisitatzera igo ginen Torres aintzirara. Lehen aldi horretan sentitu nuena zail da adierazten, baina oraindik gogoan daukat arroka kristalino perfektu horien irudiak sortu zidan zirrara. Ikusgarria!

Hego Hemisferioko negua amaitu berri zegoen eta lehen bisitariak ginen inguru horietan, masifikazio arrastorik gabe. Gainera, Patagoniako geologian aditua den irakaslea gurekin egonda, ikuspuntu ezberdina jaso genuen dorre hauen sorrera eta gaur egun duten presentzia ulertzerako orduan. Altxor natural hau turista-ikuspuntutik ikusteaz gain, ezagutza gehigarri bezain interesgarriekin aberastu genuen.

Egun hauetan berriz, duela hilabete batzuk Santiagora (Txileko hiriburura) etorritako ikasle andaluziar, kanariar eta euskaldunak izan ditut bisitari Punta Arenasen, tartean herrikide dudan Nerea laguna ere. Patagonia ezagutzeko gogoz zeudenez, hegazkina hartu eta Santiagoko berotik Patagoniako haize eta hotzera jaitsi ziren. Hortaz, ezinbestean Torres del Paine Parke Nazionala ezagutzeko plana antolatu nien, W hitzaz ezaguna den ibilbide famatuaren eraldaketa zen ordezko ibilbide bat proposatu nielarik. Hala ere, Patagonian gauzak ez dira hain errezak, eta eguraldia nahiko petrala izango zela ikusita, karta bakarrera egin behar izan genuen apostu: Paineko Dorreak ikusi eta buelta.

Bi egunetako irteera burutu genuen joan zen ostiraletik larunbatera, eta larunbat goizean, goiz jaikitzeak bere saria izan zuen; eguraldi petralak atseden pixka bat eman zigun eta Dorreak primeran ikusteko aukera izan genuen. Beste behin, lehen aldian bizitako oroitzapen eta gogoetak etorri zitzaizkidan burura, inguruak eskaintzen duen handitasun eta edertasunak erabat hunkituta.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather