BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Patagoniako Hego Izotz-zelaia

Aguilera sumendia (elkarrizketa)

Aguilera sumendia eta protagonistak.
Aguilera sumendia eta protagonistak. / Camilo Rada (UNCHARTED)

2014-10-25 / Eñaut Izagirre

Camilo Rada (Txile, 1980) eta Natalia Martínez (Argentina, 1980) ezagutzeko aukera izan nuen joan zen urtean, beraiekin batera parte hartu bainuen CORDARWIN 2013 espedizioan, Camilo eta Nataliak Sarmiento mendiaren gailur nagusia zapaldu zutelarik neguko lehen igoera eta bigarren errepikapena burutuz. Bikotea Sarmiento mendiko ipar horman igoera bikaina egiten ari zen bitartean, ni eta gainontzeko lankideak Schiaparelli izeneko glaziarrean geunden lan zientifikoak egiten. Ordutik, elkarren arteko harremana indartuz joan da, eta egun, beraien nondik norakoak gertutik jarraitzeko zortea daukat.

Badira urte batzuk Camilok eta Nataliak UNCHARTED izeneko proiektua aurrera atera zutela, Patagoniako (Suaren lurraldea/Tierra del Fuego barne) kartografia hobetzeko eta esploratu gabe gelditzen diren eremuak ezagutzera emateko. Lehenengo, Puerto Natalesetik gertu dagoen Sarmiento de Gamboa mendilerroan egin zuten lan, eta igo gabe zegoen Trono mendia (1.879 m) beraiek eskalatu zuten lehen aldiz. Ondoren, Darwin mendikateko kartografiarekin hasi ziren lanean, eta joan zen urteko abuztuaren amaieran eskalatu zuten arestian aipatutako Sarmiento mendia (2.207 m). Duela hilabete gutxi, berriz, Hego Patagoniako izotz-zelaian hasi ziren lanean, eta beren ekarpena abuztuaren amaieran osatu zuten, igo gabeko Patagoniako azken sumendia eskalatuta: Aguilera sumendia, hain zuzen. Horrez gain, gutxi ezagutzen zen izotz-eremuko sektore batean ibili ziren, eta lau gailur gehiago igo zituzten, esplorazio-bide berriak osatzeaz gain. Espedizio horren ostean, eta etxera itzuli aurretik, Punta Arenasetik igaro behar zutela aprobetxatuz, elkarrekin garagardo batzuk hartu genituen sintonia ezin hobean.

Haien ekintzek izan duten nazioarteko oihartzuna kontuan hartuta, interesgarria iruditu zait euskal mendi-hedabideetan ere tokitxo bat egitea haiei. Ondorengo galdera hauei erantzuteko eskatu nien. Gozatu!

Kaixo, Camilo eta Natalia. Ezer baino lehen, zorionak! Eta ondoren, eskerrik asko, galdera hauei erantzuteko denbora hartzearren. Koka gaitzazue mapan; non dago Aguilera sumendia?

Hego Amerikako hego muturraren mendebaldeko ertzean, Ozeano Bare aldera, tamaina handiko bi izotz-eremu hedatzen dira. Handiena Hego Patagoniako izotz-zelaia da; 400 km luzatzen da Iparretik Hegora. Bertan, Reichet izeneko faila geologiko itzelak mendebaldetik ekialderako noranzkoa du, eta izotz-masa handiaren beheko herena kasik erabat bereizten da gainontzekotik. Failaren ekialdean daude Argentino lakua, El Calafate hiria eta Perito Moreno glaziar ezaguna. Mendebalderantz, berriz, Peel fiordoa eta Aguilera sumendia. Nabigazio-egun batzuk behar dira Patagoniako kanaletatik zehar sumendiaren oinarrira gerturatzeko; edota ia 50 kilometroko zeharkaldia burutu behar izotz-eremuan zehar, guk egin genuen bezala, Argentino lakutik mendebalderantz.

Noiz izan zen begiztatua? Eta, nondik datorkio izena?

Egia esan, aurkikuntza hitza erabiltzea problematikoa litzateke, inguru horretan milaka urtean bizi izan baitzen Kawesqar herria. Mendebaldeko zein gizaki izan ote zen hura lehenik ikusi zuenaz ari bagara, badirudi Michel Mason izan zela, itsasotik, XX. mendeko 30eko hamarkadan-edo, baina ez zuen erregistrorik utzi. Hori egin zuen lehenengoa Alberto M. De Agostini apaiz salestar eta esploratzaile handia izan zen. Hark zapaldu zuen lehenengoz Cerro Mayo mendiaren gailurra, 1933an, eta handixe ikusi zuen mendi ikaragarri bat Hego Patagoniako izotz-zelaiaren (Hielo Patagónico Sur) beste aldean: Cerro Aguilera izena jarri zion, Abraham Aguileraren ohoretan, hura izan baitzen Magallaneseko lehen apezpiku txiletarra.

Handik urte batzuetara, 1986an, Matthew Hickman britaniarrak lideratutako espedizioa izan zen lehena hura esploratzen eta gailurra egiten saiatzen. Sumendia zela erabaki zuten, eta harrezkero, Aguilera sumendia (Volcán Aguilera) izenez ezagutzen da. Azken milaka urtean zenbait erupzio izan ditu, eta, hori dela eta, sumendi aktibotzat daukate.

Nola otu zitzaizuen Aguilera sumendira espedizioa egiteko idea?

Hainbat gertaeraren konbinazioa izan zen. Abiapuntua, duela hiru urtetik hona eskuartean dugun UNCHARTED proiektua da. Patagoniako esplorazioen ondare historikoa berreskuratu nahi da, historia eta geografia batzen dituen mapen bidez. Horretarako, esploratzaileek beren abentura handietan lurralde hauetako eremuei emandako izenak berreskuratu behar dira.

Horrek ikerketa bibliografiko itzela eskatzen du lehenik; gero, zonaldeko mapa zehatza egitea; eta azkenik, inguruotan ibili diren esploratzaileekin harremanetan jartzea, ibilbideak mapa gainean elkarrekin adosteko. Horrek zer duen mendizaletasunetik? Ba, grina hortxe dagoela, eta horrexek umotzen du abentura, ingurua ikertzen eta ezagutzen laguntzeaz gain, askotan inguru guztiz ezezagunak ezagutzeko parada ematen baitigu, eta horrelaxe izan zen Aguilera sumendia ezagutzea ere.

Espedizioak proiektuaren osotasunean kokatu behar dira, izan ere, haietan, informazio oso baliotsua batzen dugu mapetarako, eta aukera ematen digute eskalatzaileekin eta bertako biztanleekin harremanetan jartzeko, eta haiengandik ikasteko, haiek dira-eta inoiz idatzi gabeko hango historien jabe.

Bestalde, zanpatu gabeko mendi asko egon arren Patagonian, beharbada batek berak ere ez dauka Aguilera sumendiak daukan handitasuna, horrek eragiten duen erronka guztiarekin. Izatez, hainbat ginen ahalegin horri eusteko asmoa genuenak duela zenbait urtetik hona, eta, joan, sei espedizio joan ziren gure aurretik, baina ez zuten lortu egitea.

Nola laburtuko zenukete eskalatutako bidea eta Izotz-eremuaren zeharkaldia?

Suspensez beteriko abentura izan zen, elur-biderako ahalegina satelite bidez edota aireko argazki bidez bakarrik ezagutzen genuen sarbidea baitzen, eta, noski, errealitatean sarri gauzak ez dira izaten batek pentsatu bezalakoak.

Lehen etapa Peineta glaziarraren goialdera igotzea izan zen. Horrek hainbat oihan eta glaziar zartatu bat igarotzea esan nahi zuen. Hiru egun behar izan genituen bidea aurkitzeko, baina bide hori izan zen lehen mugarria; 1300 m-ko desnibeleko bidea zen, eta lau bider egin behar izan genuen gure ekipamendu guztia 1 kanpamentura garraiatzeko. Hortik aurrera, lerak erabiltzeko aukera genuen. Oraindik, hala ere, 40 kilometroko ibilaldia geneukan aurrean, eta tartean, ordura arte inork inoiz esploratu gabeko pasabide bat igaro beharra, baina uste genuen huraxe zela Campo de Hielorako sarbidea. Pasabidearena egin ondoren, zeina teknikoki erraza baina leren pisuagatik esfortzuz gogorra izan zen, bigarren mugarria lortua genuen, eta sumenditik salto batera ikusi genuen geure burua. Beste hiru eguneko ibilaldia geneukan, ordea, oraindik, baina zailtasun berezirik gabekoa izan zen, egitekoa gure lera edota eskien gainean izotzaren zabaltasunean irristatzea besterik ez baitzen izan.

Espedizioaren hamargarren egunean iritsi ginen sumendiaren oinarrira. Hantxe geneukan azkeneko ikustekoa, inor ez baitzen hara angelu horretatik sekula hurreratu, eta eremu ezezaguna zen zeharo. Eguraldi txarraren kariaz bi egun itxaroten egon ondoren, Ipar ertzetik jotzea erabaki genuen.

Zalantzaz eta ustekabez beteriko eskalada izan zen. Aurrean, 1.500 metroko desnibela geneukan, baina lehenengo 800 metroak oso azkar gainditu genituen: lau orduan juxtu, nahiz bi arrakala-eremu saihestu behar izan genituen. Beste 700 metroek, ordea, hamar ordu eraman zizkiguten, jarraitzea pentsatzen genuen lerro bakoitza arrakala eta errimain izugarriz baitzegoen zeharkatua, eta horrek atzera jotzea eta itzulinguru handiak egitera behartzen gintuen izotz-labirinto hartan. Eskaladaren goi-partea, gainera, ikuseremu laburrean egin behar izan genuen, eta horrek gauzak asko zaildu zizkigun: bazirudien muinoak ez zuela akaburik, eta, iritsi ginela uste genuen bakoitzean, hara non agertzen zitzaigun beste traba bat. Azkenean, arratsaldeko seietan iritsi ginen gailurrera, egunaren azkeneko argiekin batera; zoriontsu, alajainkoa, espedizioaren azkeneko inkognita handia askatuta. Itzulera lasai hartu genuen, argirik gabe ginen eta. Irten ginenetik 25 ordura ginen atzera gure kanpadendan.

Zer sentitzen da ustez aktibo dagoen sumendi bat lehen aldiz eskalatzean?

Uste dugu denok ere nola hala ezagutzen dugun esperientzia dela. Mendia bide ezagun batetik eskalatzea bukaera ezaguneko suspensezko film bat ikustea bezala da, Eta, jakina, inori ez zaio gustatzen istorioaren amaiera aldez aurretik jakitea. Modu berean, inork zapaldu gabeko mendi bati aurre egitea zalantzaz eta suspensez beteriko istorio bati ekitea da, non eskalatzeaz gainera abenturaren zapore bizia eta sekulakoa dastatzen den.

Sumendiak, bestalde, mendi biziduna dirudi: bertako edozein bazterrek harritu zaitzake, eta horrek are interesgarriago egiten du igoera.

Eskaladaren ondoren, egun oso bat eman genuen sumendiaren oinarria aztertzen, gure buruan baino ez zeuden iturri termalak bilatu nahian eta noizbehinka izotz-lautada hura erraztatzen zuten sufre-usainezko haize-bolada haien nondikoa ulertu nahian.

Aguileraz gain, esploratzeko eta igoera gehiago egiteko denbora izan zenuten. Egia al da Hego Patagoniako izotz-zelaia oraindik ere toki ezezaguna dela mendizale-alpinistentzat?

Kontua da eremu ikaragarria dela. Alde batetik, oso da ezaguna, eta milaka turista eta eskalatzailek bisitatzen dituzte inguruko mendi eta glaziar irisgarrienak. Baina badira esploratu gabeko eskualde zabal askoak ere, inork zapaldu gabeko haranak tartean eta ehunka gailur zanpatu gabeko. Lurralde oparoa da esploraziorako eta abenturarako.

Patagonian gertatzen diren abentura eta esplorazioei buruzko berri gutxi iristen da Europara. Uste duzue hedabide espezializatuek ez dutela informatzen toki eder hauek merezi adina?

Ez dut uste kontua Patagoniari buruz denik, ezezagunaren gainekoa baizik. Cerro Torrek, Fitz Royk edota Torres del Painek bai, horiek eragiten dute albistea hedabide espezializatuetan, entzute handiko mendiak dira eta. Toki guztietako arazo orokorra, ordea, paraje berriengatiko eta esplorazio eta mendi ezezagunengatiko interes falta da. Jendeak nahiago du Everesteko edota Cerro Torreko gertaerei buruz hitz egin, eta ez urrutiko mendi eder bati buruz, edo lehenengo aldiz esploratu den eskualde bati buruz.

Maila guztietan, jendeak "heroiak" sortzen ditu, hala nola "izar" bihurtzen dituenean musikari soil batzuk. Eta mendi-hedabide espezializatuak ere (salbuespenak salbuespen) bekatu berean jausten dira. Mendi "idoloak" fokatzen dituzte ia esklusiban, eta albora uzten dute esplorazioa, nahiz horixe zen mendizaletasunaren arima duela 50 urte. Gaur egun, ordea, badirudi garrantzizkoagoa dela egin beharreko mugimenduen zailtasun hutsa, nahiz norberaren etxeko patioan egin.

Mila esker bikote!

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather