Pirinioak
Kantabriako (Espainia) 44 urteko gizonezko bat hilik aurkitu dute Orhi mendiaren tontorretik gertu. Zendutako mendizalearen anaiak ohartarazi zuen egoeraz, igandean; Jendarmeriak, Guardia Zibilak, suhiltzaileek eta Foruzaingoak bilaketa lanak hasi zituzten. Gorpua 16:48etan antzeman zuten, atzo, eta Nafarroako Auzitegi Medikuntzako erakundera eraman.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, gizonak eroriko bat izan zuen, mendiaren hegoaldeko hegian, tontorretik gertu, eta kolpe handi bat hartu zuen buruan. Hildako gizona Pirinioetako tontorrak ari zen igotzen, eta anaiari seinaleak bidaltzen zizkion GPSz. Azkenekoa igande goizean igorri zuen, Larraineko portuko aparkalekuan. Hain zuzen ere, berri gehiagoren faltan, anaiak berak ohartarazi zituen sorospen zerbitzuak, eta hala hasi ziren gizonaren bila.